2018-11-26 16:32
Irakaskuntza publikoko irakasleen mahai sektorialera Jaurlaritzak 2018ko EPEaren balorazioa eta 2019rako EPEaren aurkezpena eraman ditu. ELAren iritziz Eusko Jaurlaritza behin behinekotasuna eta prekarietatea betikotzeko EPE proposamenak egiten ari da.

Egun, gure hezkuntza publikoan lanean diharduten 9.700 irakasle, hau da, irakasleen %38a behin behinekoak dira. Gainera, langile hauetariko asko aspalditik daude egoera prekario honetan.

2018ko maiatzean Jaurlaritzak Steilas, LAB, CCOO eta UGTrekin sinaturiko akordioan 2017-2020 legealdirako 5.000 plazako EPE deialdiak egiteko asmoa jasotzen zen irakasleen kolektibo ezberdinetarako, beste 500 gehitzeko aukera irekita utziz. Honek behin-behinekotasuna onartezina den %28an utziko luke legealdi amaieran kasurik onenean, izan ere, 5.500 plaza hoietatik 3.100 erretiroengatik sortutako lanpostuak betetzeko bailirateke, eta soilik 2.400 behin behinekotasuna jeisteko efektua izango luketenak. Hau da, azken bi ikasturteetan Steilas eta LAB sindikatuekin batera aurrera eramandako greba eta mobilizazioetan aldarrikatutako %6ko behin behinekotasunetik oso urrun.

Honi gehitzen zaio duela gutxi salatu dugun Eusko Jaurlaritzaren muturreko ratioen politika: Hezkuntza publikoan, matrikulazioaren ondorioz sortu ez diren gela kopuruarengatik behar baino 2.388 lanpostu gutxiago ditugu eta gelako ikasle kopurua %9,1ean hazi da. Egoera honi aurre egiteko 2.388 irakasle gehiago beharko lirateke, baina Jaurlaritzak 60 besterik ez ditu proposatzen. Hau da, behar baino 2.328 lanpostu gutxiago. 2009 urtetik eman den gelako ikasle ratio igoera bere horretan mantenduko litzateke, honek hezkuntza prozesuaren garapenean sortzen dituen arazoekin.

2018ko EPEan 1.511 plaza atera ziren Bigarren Hezkuntza eta Lanbide Heziketarako. Aurretik aipatutako testuingurua ikusita, onartezina iruditzen zaigu 2018an Bigarren Hezkuntzan eta Lanbide Heziketan EPEan eskeini diren plazen %26,8a bete gabe geratzea, hau da 1.511 plaza horietatik 405. Honen aurrean, ELAk EPE prozesuaren gardentasun falta salatu du, ebaluazio irizpideak ez baitira publikoak eta azterketen zuzenketak ezin baitira berrikusi; Hezkuntza Sailari exijitu diogu hautagaien salaketak kontutan izan eta azterketa bat egin dezala.

Bestetik, 2019ko EPEa aurkeztu du Jaurlaritzak. EPE honetan 1.825 lanpostu eskainiko dira Haur eta Lehen Hezkuntzako maisu maistren kidegorako espezialitate guztietan, kopuruak zehazteke eta beste hainbat Kontserbatorio eta Arte Eszenikoetan (zehazteke). Bestetik, hainbat proposamen jarri ditu mahai gainean Jaurlaritzak, hala nola 1. parteko (idatzizko froga) kasu praktikoaren pisua %70era handitzea (orain arte %60koa zen), Programazio didaktikoan defentsa soilik baloratzea (ez dokumentua), azterketa data aurreratzea, EPEa gainditu baina lanposturik lortzen ez dutenei nota baloratzea, edota kidego bakoitzean EPEa 3 urtero izatea.

ELArentzat inola ere ez da nahikoa Hezkuntza Sailak mahai gainean jarri duen proposamena. Beraz, exijitu diogu Jaurlaritzari azken urteetan gobernuak geletako ikasle gehiago sartuz murriztu dituen lanpostuak berreskuratzea, gure hezkuntza sistemak egungo erronkei aurre egiteko ezinbesteko dituen baliabide gehiago esleitzea eta urte luzeetan zehar behin behineko egoeran diharduten eta beren gaitasuna egunero eskoletan demostratzen duten irakasleen kontsolidazioa ahalbidetuko duen EPE eta enplegu eredu baten garapena adostea.

Azkenik, ELAk gogor salatu du bere eskubide sindikalak eta negoziazio kolektiborako eskubidea urratzen ari direla, 2018ko maiatzean Jaurlaritzak Steilas, LAB, CCOO eta UGT sindikatuekin sinatutako akordioan jasotzen zen Akordioaren Jarraipen Batzordeak bere funtzioez haratago diharduela negoziazio materia direnak bertan tratatuz eta negoziatuz. Bereziki larria iruditzen zaigu praktika antidemokratiko eta antisindikal hau gainerako sindikatuen aldetik. Are gehiago, hezkuntza publikoko behin behineko irakasleen etorkizuna jokoan dagoenean. Eta beraz, negoziazio materia direnak berehala mahai negoziatzailera eramateko exijitu diegu Jaurlaritzari eta gainerako sindikatuei.

Izan ere, batzorde honetan, Jaurlaritzarekin egonkortasun proposamena negoziatzen ari dira, gaur egungo behin behinekotasun eta prekarietatea bere horretan mantentzea suposatuko lukeen parte txar bat alegia. Eta formula hau parte txar bat den heinean, hutsune, gabezia eta arrisku ugari ditu. Esaterako, bitarteko gehienak finkatuta egotea suposatuko lukeenez, bitarteko batek lanpostua “galtzen” badu (lanpostu horren titularra itzuli delako, edota EPE bidez bete duelako beste karrerako funtzionario batek edota lekualdatze lehiaketa bidez beste karrerako funtzionario batek etab.), zerrendetara itzuliko da eta lanpostu huts gehienetan bitartekoak finkatuta egongo direnez, zerrendara itzuli behar izan duenari, nahiz eta puntuazio ona izan, askoz lanpostu gutxiago geratuko zaizkio hautatzeko, agian ordezkapenak egin beharko dituelarik.

ELAren aburuz badago alternatiba, eta benetako arazoari, behin behinekotasunari alegia, irtenbide egoki bat emateko bidea behar estrukturalak lanpostu estrukturalekin betetzean datza kontsolidazio bermeak izango dituen EPE masibo baten bidez. Lehenengo behar estrukturalak ondo definituz, beharrezko lanpostuak sortuz, kontsolidazio EPEak diseinatuz eta berriro behin behinekotasun maila ikaragarri hauek errepikatzea ekiditeko beharrezko neurriak hartuz.



 

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.