2020-10-13 16:14
Langileek egun bateko lanuztea deitu dute urriaren 14rako, euren lan baldintzak hobetuko dituen hitzarmenaren borrokarako bidean. Baina, beste behin ere, Eusko Jaularitzak araututako zerbitzu minimoak neurrigabekoak dira, langileen greba eskubidea mugatuz. Gainera, greba eguna baino hamar ordu lehenago iritsi da zerbitzu minimoen dekretua. Honek, enpresaren eskutan uzten du zerbitzu minimo hauen antolaketa guztia, langileen ordezkariekin kontrastatzeko denbora margenik utzi gabe eta presio guztia langileen bizkar gainera eramanez.

ELAk oso larritzat jotzen du, beste behin ere, Eusko Jaurlaritzaren jarrera. Argi geratu da administrazio publikoa patronalaren mesedetan lerrokatzen dela etengabe. Praktika hauen helburu bakarra greba zapuztea da, langile guztiak nahastuz eta inolako margenik utzi gabe gure antolakuntzarako.

Aita Menni Gipuzkoa eta Euskal Autonomia Erkidegoan osasungintza mentalean erreferentziazko entitatea da, finantzaketa publikoa oinarritzat duena. Irabazi asmorik gabekoa omen da, baina bitartean milioi bat eurotako irabazi garbiak ditu urtean. Langileek sufritzen dituzte osasungintza pribatizatzearen ondorio guztiak, handien mesedetan.

Arrasateko ospitalean 400 pazientetik gora daude, ezgaitasun mental desberdinetako perfilekoak eta atentzio psikiatrikoa behar dutenak, baina Gipuzkoa osoan zehar ditu zentroak. Pazienteen zaintzaren kalitatea urtetik urtera okerrera doa pertsonalean ez delako inbertitzen, ez delako kontrataziorik egiten eta dauden langileak itota egiten dutelako lan, besteak beste. Biharko grebaren bitartez, Aita Menni osatzen duten 500 langileen lan baldintzak hobetu eta pazienteen zaintzaren kalitatea lehen lerroan jarri nahi dira.

ELAk urriaren 14ko 11:30etan Arrasateko plazan egingo den mobilizaziora deitzen ditu herritarrak, langileei babesa erakutsi eta kalitatezko osasungintza baten aldeko borrokatzeko.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.