2019-10-02 12:52
Aurreko legegintzaldian, ELAk Euskara Lege berri bat proposatu zuen, eta indargabeturiko dekretua babestu zuen sindikatu bakarra izan zen; Gobernuak helegitea jarri behar du

ELAk 2017ko euskararen Foru Dekretua partzialki indargabetzen duen Nafarroako Auzitegi Nagusiaren ebazpena gogor salatu du, eta gogoratzen du UGTen helegiteari erantzuten diola, PSNeko idazkari nagusi ohiak defendatuta (hau da, Nafarroako Gobernua gidatzen duen alderdia). Ebazpen honek argi eta garbi uzten du 1986ko Euskara Legea ordezkatu behar dela, aurreko legegintzaldian ELAk defendatu zuen bezala.
Bakarrik zonifikazioa gaindituko duen lege batek berma ditzake euskaldunon eskubideak; orain agerian geratu bada ere, behar hau ez zen nahikoa izan aurreko Gobernuak (2015-2019) beste lege bat abiatzeko. ELAk, aldiz, lege zehatz baten proposamena aurkeztu zuen Parlamentuan (2018ko ekainean), baina politikariek ez zuten aintzat hartu, hauteskundeak gertu zirela edo gehiengo nahikorik ez zegoela argudiatuz. Zoritxarrez, gaur agerian geratu da hura zela bide eraginkor bakarra: aukera galdu zen.
Indargabeturiko dekretuak sindikatu bakar baten babesa jaso zuen: ELArena. Oso motza zela aitortuta ere, ELAk bere babesa eman zion, euskararen egoera larriak aurrerapenak behar dituelako, nahiz eta txikiak izan; aurrera joateko aukerak probestu behar dira. Beste inork ez zuen orduan horrelakorik ikusi, nahiz eta orain Auzitegi Nagusiaren ebazpena gogor salatu.
Nafarroako Gobernuaren jarrera bereziki larria da. Euren kargu nagusiak (kontseilari batzuk eta PSNeko bozeramailea) 2018ko ekainean eskuin-muturrak deitutako euskararen aurkako manifestaziora joan ziren, kementsu eta alai. Zentzu honetan, ELAk salatzen du orain dela hilabete batzuk Geroa Baik, Ahal Duguk eta I-Ek sinaturiko akordio programatikoan 1986ko Euskara Legea ez zela aldatuko esaten dela, eta etortzear ziren ebazpenak onartuko zituztela (orain ezagutu dena, besteak beste). Dena den, Nafarroako Gobernuak helegitea jarri behar du.
Gauzak horrela, ELAk azpimarratzen du euskara eta euskaldunon eskubideak defendatzeko mobilizazioa eta ahalegin politiko eta pedagogikoa berpiztu behar ditugula. Hori da historian zehar eragile sozial, politiko eta sindikalak egin duguna, orain oso argi geratu delako -batzuentzat hain argia ez zela badirudi ere- PSN eta bere aliatu sindikalak (UGT, CCOO eta Afapna) betiko lekuan daudela: uste dute euskara bigarren mailako hizkuntza dela, zonalde euskaldun txiki horretan zokoratuta eta, ahal bada, famili-eremuan bakarrik erabiltzeko, esparru publikotik kanpo. Suspertzeko ordua da.
Nafarroa, 2019ko urriaren 2an.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.