2018-10-19 10:23
Historian lehen aldiz (eta historia oso luzea da; mendeak izan dira), Nafarroan agintzen dutenak ez dira euskararen aurka gobernatzen ari. Urteetan, euskararen alde tinko aritu gara, nola ez, erresistentzia sutsuan, baina xehetasun handirik gabe: munduko gosearen aurka bezala, edo munduko bakearen alde… Gure buruari galdera zailak egin gabe.

Presentea, aldiz, motza eta iheskorra da. UPN botere politikotik kanpo dagoenetik hiru urte igaro dira, eta gutxi egin da euskararen egoera normalizatzeko, hau da, gaztelaniak daukan egoera berdintsuera iristeko: euskarazko lau haur eskola gehiago Iruñerrian, ETB3 ikustea eta Administraziorako dekretu xume berri bat (oso motza gelditzen bazen ere, ELA da bere alde bozkatu zuen sindikatu bakarra). Egiari zor, D eredua Nafarroa osoan aukeran egotea eta Euskalerria Irratiko lizentzia ez dira Gobernu berriaren lorpenak, baizik eta pasa den legegintzalditik zetozen neurriak.

Hala ere, aurrerapenak xumeak izan diren arren, izugarrizko erasoaldia jaso dute Erregimen Zaharren partetik (eta ez hain ‘zaharren’ partetik, Irakaskuntzaren zerrenda bakarra ezartzeko ahaleginean frogatu zen bezala).

Orain, aldiz, Euskara Lege berri bat egiteko aukera ireki da. ELAk bere lana egin du, eta Nafarroako Parlamentuan (ekainean) zein UEUren Iruñeko saioan (irailaren 29an) gure 18 orrialdeko txostena aurkeztu dugu. Euskara Lege berri bat nahi eta behar badugu, zerekin bete behar dugu? Galdera horri erantzuteaz arduratu gara, eta hor dago dokumentua, ezinbesteko eztabaida zehatza abiatzeko oinarri zintzoa izateko asmoarekin. Besterik ez. Baina ez da gutxi.

Nafarroan, euskararekin, gustatuko litzaigukenaren eta zer egin daitekenaren artean alde handia dago, eta lurralde horretan mugitu behar dugu, ezinbestean. Aukerak probestu behar ditugu, orain ala… inoiz ez? Ufa, batek daki.

Lehenik eta behin, euskara ikasteko edo euskaraz bizitzeko eskubideak unibertsala izan behar du, euskaldun zein euskaldun ez direnentzat, Lesakan ala Fiteron bizi direnentzat... Norberak erabaki behar du ze hizkuntzatan bizi nahi duen, baina gaztelaniaz bizitzeko eskubidea unibertsala den bezala, euskaraz ere bizitzeko eskubidea aitortu behar zaie nafar guztiei; aukera hori ez ematea gaztelania inposatzea litzateke. Egun gertatzen dena, hain justu.

Zonifikazioa nola gainditu?

Eskubideak unibertsalak dira, edo ez dira. Beraz, euskarak ofiziala izan behar du Nafarroa osoan, diskriminazioak saihesteko. Baina zonifikazioa nola gainditu? Momentuz, adibide on bat daukagu indarrean: 1988ko Iruñerriko Mankomunitatearen euskararen araudia. Erakunde horretan hiru zonaldeetako udalerriak daude (hau da, Nafarroa txiki bat...), eta aurrerapen esanguratsuak lortu dira arazo handirik gabe, denon eskubideak errespetatuz. Hor dago, adibidez, araudiak jasotzen duen helburua: “Mankomunitatearekin harremanetan jartzen den edonork aukeratu nahi duen hizkuntza erabil dezan”. Ez genuke hori sinatuko Nafarroa osorako lege batean?

ELAren ustez, ofizialtasuna eskualde ezberdinetara egokitu beharko genuke, tokian tokiko udal autonomia baliatuz, prozesu demokratiko baten bidez. Baina nola txertatzen da hori Administrazioan? Udaletako euskara teknikarien ekarpenak oso baliagarria izan daitezke, euren herrietako esperientziak zabaltze eta finkatze aldera (UEUko saioan Koldo Colomok azaldu zuen bezala).

Eta hezkuntzan? ELAk aztertu duenez, eleaniztasunaren diskurtsoak Nafarroako hizkuntza propioak atzerriko hizkuntzen parean jartzen ditu: hau da, euskara, gaztelania eta ingelera maila berean, neoliberalismo eta globalizazio uniformitzailearen aldeko lana eginez: plurilinguismoa neokolonialismo linguistikoa besterik ez da, frantziarrek Aljerian ala ingelesek Indian egin zuten gauza bera. Atzerriko hizkuntzak ikasi behar dira, ahalik eta modu egokienean, baina ez modu behikularrean, sasimurgilketa kaxkarrean.

Eragile abertzale batzuen plurilinguismoaren defentsa entzutea oso kezkagarria da: PP eta Ciudadanos-ek Kataluniarentzako eredu berdintsua defendatzeak ez al die alarmarik pizten? Azken finean, plurilinguismoaren eskaintza marketing hutsa da ikasle berriak matrikulatzeko lehian, eskola publikoaren kalterako (hemen, EAEn eta Madrilen...). Plurilinguismo horren aldeko jarrera euskararen aurka jardutea da, eta itunpeko eskola jakin batzuen aldeko estrategian erortzea da.

Alta, hemengo hizkuntzen ezaguera bermatu behar da, eta gutxieneko neurria argi eta garbi daukagu: gutxienez, A eredua (euskara ikasgai gisa) derrigorrezkoa Nafarroa osoan, eskola guztietan. Euskara ofiziala izango bada, ikasle guztiei euskararekiko gutxieneko kontaktua eskaini behar zaie. Gaur, Nafarroako haur guztiek atzerriko hizkuntzaren 5 ordu astero (gutxienez eta derrigorrez!) jasotzen dutenez, gutxiago eskatu behar dugu euskararen kasuan, ofiziala bada?

Euskarak aukera erakargarri bezala aurkeztu behar da, politikari batzuk mehatxu gisa aurkeztu nahi duten arren. Guri dagokigu ateak irekitzea eta aurrean dauzkagun aukerak probestea. Lege oso bat osatzeko aukera daukagu. Baina horretarako, neurri zehatzei buruz eztabaidatu behar dugu, ahalik eta lasterren.

Lege proposamena ez da berez osatuko, guk geuk egin behar dugu: nolakoa da gustatuko litzaigukeen legea? Hori da galdera. UEUko azken saioan, hala ere, kalkulu elektoralistak ere agertu ziren eta ofizialtasunaren mamitzeko ariketaren zailtasuna azaleratu zen. Bestalde, orain gehiengo nahikorik ez badaukagu, politikarien ardura da gehiengo hori Parlamentuan lortzea. Aipatutako argudioak eta ideiak hor dauzkazue, eskuragai.

Erronka ez da makala, baina berandu gabiltzala argi daukagu denok. Denok?

Legea aldatzeko aukera: orain ala… batek daki.

 

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.