2019-06-13 10:05
Berriki jakin izan dugu hedabideen bitartez Euskaltelen zuzendaritzako hainbat kide kaleratu dituztela. Oraindik erabaki honen datu asko falta zaizkigu jakiteko, baina gauza bat argi dago: Zegonak iragarri zuen kostuak moztera zetorrela.

Hain zuzen, ELA eta enpresa batzordea informazio zehatzagoa eskatzen ari da enpresako zuzendaritza berriari. Alabaina, orain arte –eta hau ez da nobedadea Euskaltelen– ez dago bat ere gardentasunik, eta ez digute gertatu denaren berri eman.

Gogoratu beharra dago azken hiletan dagoeneko lanpostuak amortizatu direla; hau da Euskaltelen pribatizazio prozesuaren eta inbertsio-funtsen sarreraren ondorioa. Izan ere, akziodun hauek xede bakarra dute, etekina handitzea, baita lanpostuen kalterako bada ere.

Azken egunetan pribatizazio prozesuan beste urrats bat egin da. Zegona bihurtu da akziodun nagusi, eta mezu oso argia eman du: kostuak murriztera datoz. Zuzendaritzan izandako kaleratzeak logika horren baitan gertatu dira. Noski, oso kezkatuta gaude epe laburrean gerta daitekeenarekin, Euskalteleko zuzeneko langileei nahiz azpikontratatutako zerbitzuei dagokienez. ELAk arbuiatu egingo du lanpostuak amortizatzea eragin dezakeen erabaki oro.

Azkenik, atzo Arantza Tapia sailburuak egin zituen adierazpenak salatu behar ditugu: kaleratzeei buruz esan zuen “enpresak erabakiak hartuz kudeatzen” direla. Tapiak Euskaltelen bizitzen ari garen egoerari garrantzia kendu nahi dio, eta ez du inolako ardurarik hartzen bere gain (duela gutxi esan zuenez Jaurlaritzak Zegonari eskatu omen zion astakeriarik ez egiteko eta adostasunak bilatzeko).

ELAk gobernuari galdegin dio bere esku dagoena egin dezala Euskalteleko lan baldintzen eta enpleguaren kontrako eraso gehiago gerta ez dadin, plantillan eta azpikontratatuta dauden enpresetan.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.