2018-05-02 10:42

 

ELAk oso larria deritzo unibertsitate publikoak helburu hori babesteari, izan ere, eredu horren asmoa baita langileen eta enpresetako zuzendaritzaren artean banakako harremana inposatzea, sindikatuon ekintza kolektiboa baztertuz.

ELAk eskura dauka Juanjo Alvarezek sinatzen duen dokumentu bat, “Proyecto de Cátedra Universidad-Empresa” delakoa. Agiri horretan deskalifikatu egiten ditu egungo eredu ekonomiko eta sozial neoliberalari aurre egiten dioten organizazio sindikal, sozial eta politikoak. Esaterako, aipatzen denez, protestarako joera “inposatzen da (…) arduragabekeriaren kultura sustatzen duelako (…) eta zilegitasun sozial biktimista hori bereganatzeko aukera ematen duelako protesta egiteko, deskalifikatzeko eta etengabeko konfrontazio diskurtso bat egituratzeko”. Bada, mezu hau iraingarria da, ez soilik inteligentziarentzat, baita erakunde akademiko publiko batek lehenetsi beharko lukeen gutxieneko orekari dagokionez ere. Aurrerago, dokumentu berean beste helburu bat proposatzen da: “(...) enpresa berriaren, lan harreman berrien balioak herritarren artean hedatzea lehiakortasuna hobetzeko bide gisa (...)”.

ELAren iritziz ez da onargarria EHU prest egotea patronalak nahi duen lan harremanen eredua hedatzeko, zeinak deskalifikatu egiten dituen era antolatuan aurre egiten diogunok hala enpresek ezartzen duten prekaritate hazkorrari, nola erakundeek aplikatzen dituzten politika neoliberalei. Katedra honek klase-interes jakinak aldezten ditu, eta EHU horiek antolatzetik salbu egon beharko luke, balio publiko batzuk bere gain jarri direlarik. Ez dago onartzerik euskal hezkuntza sistema publikoan enpresarioen balio eta interesak hedatzea. Unibertsitateak gizarte demokratikoan pentsamendu kritikoari bidea ireki behar dio, eta zaindu egin behar du beregana prestakuntza jasotzera jotzen dutenek ez daitezen botere korporatiboaren esanetara egon. Hain zuzen, helburu horietarako patronalak bai baititu bere fundazioak, baita bera babesten duen finantza-botereenak ere.

Horregatik, ELAk galdegin dio EHUri ez dezala Confebask katedra sortu. ELAk gaur bertan salaketa hau EHUren Gizarte-Kontseiluari eta bere kide guztiei helarazi die.

 

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.