Covid-19ak hainbat ikasgai eta urjentzia jarri dizkigu mahai gainean, baina bi azpimarratuko genituzke. Alde batetik, zeintzuk diren bizitzarako funtsezkoak diren lanak eta zerbitzuak, denonak, publikoak eta hauek defendatu, indartu eta garatzeko beharra. Eta bestetik, hau horrela izan dadin, aberastasunaren banaketa justuago baten ezinbestekotasuna. Hau ez da berria. EHESK osatzen dugun eragileok behin eta berriro mobilizatu gara aldarrikapen hauen bueltan, baina uste dugu Covid-19aren testuinguru honetan eta gobernu berria osatzeko akordioak azken urteetako politika neoliberaletan sakontzeko asmoen iragarpenaren aurrean inoiz baino beharrezkoagoa dela mobilizatzea.
Irailaren 15ean greba egin eta mobilizatzeko deia egin dute Hezkuntzako sindikatuek Eusko Jaurlaritzari aurrez aurreko itzulera seguru eta adostu bat exijizeko, Euskal Herrian ikasle, guraso, langile eta herritar guztiontzat hezkuntza sistema burujabe eta duin bat izan dezagun, ikasle zein langileen bizitzak eta ongizatea erdigunean jarriko duen hezkuntza lortzeko. Horretarako ezinbestekoa den interlokuzio eta negoziazioarekin, ratio jaitsierarekin, arrakalak ( sozialak, emozionalak, curriculurrak, euskara,…), bideratzeko neurriekin, curriculumaren egokitzapenarekin, kolektibo zaurgarrienentzat babes neurriekin, kontziliazio neurriekin eta plantila gehikuntzarekin besteak beste.
Hezkuntza kohesio sozialerako funtsezko tresna den heinean, EHESKtik bat egiten dugu aurrez aurreko itzulera segurua bermatzeko neurri eraginkorrak planifikatu eta hori posible egiteko beharreko baliabideak jartzeko aldarrikapenekin, horrek suposatzen duen inbertsio nahikoa eginez.
Beraz, bat egiten dugu irailaren 15ean Hezkuntzarako eta azpikontratatutako zerbitzuetarako deitu den greba deaildiarekin, gure babes osoa adierazten diogu eta herritarrak antolatu diren mobilizazioetan parte hartzera deitzen ditugu.