2018-06-21 14:07
‘Garaipen txikien bidez Euskal Herria Burujabe. Soberanías y soberanía’ lelopean Manu Robles-Arangiz Fundazioak mintegi interesgarria antolatu du ekainaren 21 eta 22an Gasteizen, UNED-Bergararekin elkarlanean. Bi egunez Euskal Herriko Unibertsitateko Arte eta Letren fakultatean ekonomia sozial eraldatzaileaz eta soberaniaz hausnartuko da.

Manu Robles-Arangiz Fundazioko kide Aiala Elorrietak gidatuta, lehendabizi mahai-inguru interesgarria egin da; bertan Saioa Iraolak –Bilgune Feminista– eta Jeanne Rolande Dacougnak –Biltzen– hartu dute parte. Saioa Iraolak aipatu duenez gero eta handiagoa da gure herriak burujabetzarako duen premia. “Kapitalismoak ‘ongizateaz’ egiten zuen promesaren mitoa erori da. Eta testuinguru honetan, autoritarismoa eta arrazismoa bezalako faktoreak indartzen ari dira. Eskubideetan atzeraka goaz, eta kapitalismoak bizitzaren oinarrizko elementuak merkantilizatu ditu. Honen ondorioa oso larria da, hau guztia egiteko herritarroi eta erakundeei gure bizitzen inguruan erabakitzeko dugun eskubideak kentzen ari dira. Horregatik ezinbestekoa da soberanian sakontzea eta aurrera egitea”.

Burujabetza lortzeko bidean Bizkaiko Erresidentzietako langileen borroka jarri du adibidetzat. “Bizitza sostengatzeko ardura beti egon da emakumeen esku. Gaur egun lan horiek enplegu bilakatu dira askotan, baina oso baldintza prekarioetan, ez dute onarpen sozialik. Horregatik borroka hau horren garrantzitsua izan zen, burujabetza ariketa bat izan zen. Prekarietatearen kontzeptua bera aldatu da. Lehen lanaren prekarizazioaz hitz egiten zen, orain kontzeptu zabalago batean, lan eta bizi baldintzen prekarietateaz. Hori da burujabetza feministaren proposamena, enpleguaren prekarietateaz haratago ulertzea bizitza bera dela prekarioa. Azken Martxoaren 8an hau guztia azalarazten saiatu ginen”.

Jeanne Rolande Dacougnak, berriz, pertsona migratuekin izandako integrazio prozesuak izan ditu hizpide. “Ezinbestekoa da nazioarteko migrazio prozesuen inguruan mintzo garenean dagoen ikuspuntu ezkorra baztertzea. Gizarte guztietan daude hegemoniak, horregatik dauden dibertsitate ezberdinak landu behar dira. Hemengo gizartea gero eta indibidualistagoa da; beste kultura batzuetan, berriz, komunitatearen ideia zentroan dago. Ikuspegi hau oso interesgarria da, horregatik migrante horien ekarpena oso kontutan hartu beharra dagoela uste dut. Migranteen inguruan dauden erreferente positiboak bilatu eta zabaldu beharra dago”.

Atsedenaldia eta gero Hedoi Etxate –Katakrak– eta Jordi García Jané –XES– mintzatu dira. Hedoi Etxarte bat etorri da aurreko parte hartzaileek esandakoarekin, eta burujabetza eguneroko praktiken bidez lortzen dela aipatu du. “Soberania lortzeko eta gauzatzeko hainbat tresna daude, eta horietako lau aipatu nahiko nituzke: kooperatibak, sindikatuak eta hedaduraz mugimendu sozialak, hezkuntza eta, azkenik, kapitalaren gehiegikeriei aurre egiteko garatu beharreko tresnak aipatuko nituzke”.

Proposamen ezberdinak ere egin ditu bere hitzaldian. “Garrantzitsuena agenda da, agenda garatzea. Orain proposatuko ditudanak egile bati hartutako ideiak dira, Suedian duela 40 urtetik hona aplikatzen ari direnak, interesgarriak iruditu zaizkidanak: norbanakoak zergak ordaintzea, ez familiak; amatasun baimenak berdinak izatea denontzat eta transferitu ezinekoak; hezkuntza sistema publiko unibertsala 0 urtetik aurrera; menpekotasuna duten lagunentzat zerbitzu publikoak...”

Azkenik eguneko azken hizlaria mintzatu da, Jordi García Jané. Ekonomia sozial eta solidarioaren inguruko aktibista honek aipatu du soberania ekonomikorik gabe ez dagoela soberania politikorik. “Helburu honetan ekonomia sozial eta solidarioak asko lagundu lezake. Jende askok uste duenaren kontra badaude eredu ekonomiko ez kapitalistak. Eredu horien elkarlana funtsezkoa da, saretzea. Kapitalismoaren logikatik kanpo funtzionatzen duten eredu hauek ere badaude Euskal Herrian, noski. Esaterako, Euskoa bezalako tokiko txanpona”.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.