2020-01-13 12:02
ELA eta LABen iritziz, akordio proposamen honekin, patronalak aukera izango luke esplotazio eta prekaritate basatian oinarritzen ez diren lan baldintzen alde urratsak emateko. Proposamena goiz honetan aurkeztu dute bi sindikatuotako arduradunek Confesbask eta CEN, EAEko eta Nafarroako patronalen egoitzetan.

Karta Sozialak Urtarrilaren 30erako lanaren, pentsioen eta orobat, bizitzaren prekarizazioan bizitako egoera ezberdinen aurkako Greba Orokorra deitu du. Egun horretan pentsio, bizi eta lan duinaren alde lantokiak hustu eta kaleak beteko ditugu. Karta Sozialak aldarrikapen taula aurkeztu du instituzio eta patronal ezberdinen aurrean bizitza duin bat izateko gutxieneko eskaerekin.

Gaurkoan Gehiengo Sindikalaren izenean, ELAk eta LABek patronalari lau akordio zehatz proposatu dizkiogu lan-baldintza duinen alde. Euskal Herrian lan egitea ezin da prekaritate eta esplotazio basatian oinarritu, eta proposatutako lau akordio hauek esplotazio horrekin amaitzeko gutxieneko neurriak dira. Zehazki hau da patronalari egindako eskaera:

- EAEn 1.200 euroko gutxieneko soldata ezartzea, Europako Karta Sozialak finkatzen duen bataz-besteko diru sarreren %60arekin bat egiten duen zenbatekoa. Pobreziaren aurkako oinarrizko eskaera da.

- Azpikontratetan ari diren langileentzako subrogazio eskubidea bermatzea. Azpikontratazio bidez lan-merkatua desarautzen ari direnen aurrean egonkortasunaren aldeko oinarrizko eskaera da.

- Astean gehienez 35 orduko eta gutxienez 20 orduko lanaldia. Pobrezia, soldata baxuez gain, lanaldi partzialaren erabileraz hedatu da; eskaera honek galga jarri nahi dio bide horri eta, era berean, lanaren banaketaren aldeko hautua da teknologia berrien bitartez desager daitekeen enpleguaren aurrean.

- Soldata arrakalari aurre egiteko eta benetako Berdintasun Planen aldeko neurriak. Emakumeek lan munduan bizi duten diskriminazioaren aurrean berdintasunera bideratutako eskaera da.

Azken urteetan patronalak pertsonen aldeko eta langileok enpresetan inplikatu beharraz diskurtsoak egiten zituen bitartean, prekarizazio prozesuan sakontzeko neurriak eta erabakiak hartzen jarraitu du, langileon kaltean. Beraz, diskurtso horiek ez dute inongo sinesgarritasunik. Benetan pertsonen/langileen aldeko jarrerak hartzeko prest balego, gaur egindako proposamen hauek onartzea besterik ez luke izango.

Era berean, Estatuko gobernu berriak ezarri nahi dituen neurrien aurrean (1.000 euroko gutxieneko soldata, azpikontratazioaren aurrean neurri partzialak, lanaldi partzialak mantentzea edo berdintasun plan edukigabeak bultzatzea) esan behar dugu hauek ez diotela euskal langileek pairatzen duten egoerari irtenbiderik ekarriko. Euskal Herrian gure egoera zehatzari erantzuten dioten neurriak hartu behar ditugu, gaur patronalei helarazi dizkiegun neurriak. Beharrezkoa da Lan Harremanetarako eta Babes Sozialerako Euskal Esparrua lortzea, Euskal Herriko langileen, lan-merkatuaren eta jendartearen neurrira egindakoa, horren baitan lan-araudi propio bat garatu ahal izateko.

Lan duinaren alde Greba Orokorra egitera goaz, lan duinaren alde aldarrikapenak egin dizkiogu patronalari, eta negoziatzeko borondaterik izan ezean, gehiengo sindikalak lan duinaren alde mobilizatzen jarraituko du.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.