2020-03-05 13:52
ELAko idazkari nagusi Mitxel Lakuntzak salatzen duenez, “Europar Batasuna babesa ematen ari zaio Greziako gobernuari, hau errefuxiatuen giza-eskubideak sistemaz urratzen ari delarik. Greziako gobernuak gerratik ihesi doan jendearen kontra jokabide bortitza agertu du, eta aldi berean ontzat ematen ditu eskuin muturreko taldeen erasoak migranteen eta hauek laguntzen ari diren erakundeen aurka (esaterako, Zaporeak)”.

“Gertakari hauek gaitzetsi ordez, â€'gaineratu duâ€', Europar Batzordearen buru den Ursula von der Leyen alemanak lotsarik gabe esan zuen: ‘Greziari eskerrak ematen dizkiot garaiotan gure ezkutu europarra delako’”. Hala mintzatu zen Kastaniésera egin zuen bisitan, Turkia eta Grezia arteko mugan. Bisita hartan Europar Parlamentuko eta Europar Kontseiluko lehendakariek lagundu zuten, horrela egitura instituzional guztiaren babesa adieraziz.

ELAko idazkari nagusiak gertakari hauek oso larritzat jo ditu. “Giza-eskubideen urraketari babesa ematea ustezko balio europarren aurka doa. Ituna bozkatu zenean esan genuen Batasun hau gotorlekua zela; bada, bere buruek mozorroa kendu eta Europa lotsagarri bat utzi dute agerian; horrela ontzat ematen dute, goitik behera, eskuin muturraren diskurtsoa, zeina borrokatzen jarraituko dugun”.

Horregatik, ELAk dei egiten die langile-klaseari eta herritar guztiei politika horiek arbuiatzen dituztela aktiboki adieraz dezaten, eta parte har dezaten Euskal Herrian egiten ari diren mobilizazioetan. Europar Batasunari eskatzen zaio mugak ireki ditzala; hobetu eta bideratu ditzala gerratik edo miseria gorritik ihesi doan jendeak pairatzen dituen bizi-baldintzak; presta ditzala ibilbide legezko eta seguruak gatazka eta jazarpena ekidin nahi dutenek hona iristeko bizitza jokoan jarri behar ez dezaten; errespeta ditzala giza-eskubideak mugetan, eta babes ditzala pertsonak.

 

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.