2020-06-24 12:39
Europako Kontuen Epaitegiak argitara atera berri du Europako hainbat azpiegiturei eginiko auditoria, horien artean Euskal Y edo AHTaren proiektuari buruzkoa. Lan honetan Euskal Herriko hainbat eragilek parte hartu genuen, baita ELAk ere.

 

Bilera bat izan genuen 2019ko otsailean AHTa aztertzen ari ziren teknikariekin. Bilera hartan Eusko Jaurlaritzak inongo parte hartzerik bultzatu ez duela, eta gizarte mugimenduek, eragile sozialek eta sindikatuek esandakoa ez dutela inoiz aintzat hartu azaldu genien. Eta baita urteetan zehar salatzen ari ginena ere:

  • Proiektuak ez duela errentagarritasun ekonomiko eta sozialik.

  • Ingurumen kalte izugarriak eragiten ari dela.

  • Izugarrizko diru xahuketa suposatzen duela. Eta esleitutako kontratuek ondoren gainkostu handiak izaten dituztela.

  • Egiten diren bidaiari kopuruaren aurrikuspenak gehiegizkoak direla.

  • Beste herrialdeekin inongo koordinaziorik ez dagoela, eta trenbideak ez duela lotura ziurrik izango.

  • Ez dela herritarren parte hartzerik izan erabaki honetan eta gardentasuna falta izugarria dagoela prozesu osoan.

Salaketa hauek ez ditugu eragile sozial eta sindikalek bakarrik egin, 2016an EHUko EKOPOL ikerketa taldeak eginiko txostenak ere ondori berak ateratzen zituen. Eta auditoria lan honetan ere parte hartu dute.

Eta urteetako borrokaren ondoren, arrazoia eman digute, argitaratu duten txosten honetan guzti hau aipatzen baita. Eta beste zenbait datu oso larri ere argitara eman dituzte:

  • Lanek 13 urteko atzerapena dute momentuz.

  • Eta 2030ean bukatuko balitz ere, ez luke bere gaitasunaren %100ean egingo, Espainia eta Frantziarantz joateko konexiorik ez delako egongo. Burgoskoa bukatzeke egongo litzateke eta Frantziakoarentzat momentuz ez dago proiekturik ere.

  • Gainkostua izugarria izaten ari da, momentuz 1.800 milioi eurokoa. Guztira gastatu diren 6.500 milioi euroren %39koa.

  • Europar Batasunak 576 milioiko aurrekontua zuen Euskal Yarentzat, baina momentuz 98 milioi eman ditu soilik.

  • Horrelako proiektu bat errentagarria izateko inguruan jende gutxiegi bizi dela ondorioztatzen dute, beraz errentagarritasun ekonomikoa kolokan jarri dute.

  • Txostenak baieztatu du ez dela partehartze prozesurik egon, eta eragile ezberdinek egindako proposamenak ez direla kontuan izan, batez ere, proiektuaren jasangarritasuna, trafiko aurrikuspenak eta koordinazio eza zalantzan jarri direnean.

Urteetan zehar egindako salaketengatik, eta orain Europako Kontuen Auzitegiak emandako datu guzti hauek suposatzen duten babesagatik, berriro ere exijitzen dugu, AHT gelditu dezatela behingoz. Eta xahutzen ari diren diru guzti hori zuzendu dezatela benetako beharra dituztenentzat, azken hilabeteetan COVID19aren krisian egunero txalotu ditugun oinarrizko sektoreentzat, eta erdigunean pertsonak jartzen dituzten jarduerentzat: osasungintza eta hezkuntza publikoa, adineko pertsonen egoitzak, etxez etxeko langileak, elikadura burujabetza bermatuko dutenak, eta zerrenda oso luze bat.

Aldarrikapen hauek ORAIN ARDURA manifestuan bildu dira. Manifestu hau maiatzean aurkeztu zen Hego Euskal Herriko hainbat eragileren babesarekin, eta auditoria honetan parte hartu dugunok ere gure atxikimendua eman diogu.

ORAIN ARDURAK datorren ekainaren 25erako, ostegunerako, hainbat elkarretaratze deitu ditu Euskal Herriko hiriburu eta herri askotan, eta ELAk ere deia egiten du proiektu hau zentzugabea dela eta diru hori benetako beharretara zuzendu behar dela uste duen orori, parte har dezan mobilizazio hauetan.

 

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.