2020-03-20 10:45
Hego Euskal Herriko sektore publikoak Estatuko behin-behinekotasun tasarik altuena dauka. Prekarietate elementu horrek EAEko administrazio publikoetako langileen %35ri baino gehiagori eragiten die dagoeneko. Egoera hau, gure gobernariek enplegu publikoaren prekarietatearen alde egindako apustuaren ondorio zuzena da. Horren erakusgarri da ez daukatela borondaterik behin-behinekotasun tasak behin betiko murrizteko, ezta horiek errepikatuko ez direla bermatzeko.

ELAk urteak daramatza egoera hau salatzen eta borrokatzen eskura ditugun tresna guztiekin, eta tresna horien artean bide juridikoa ere badago. ELAren demanda bat izan zen, orain dela pare bat urte, EBJAren irizpena eragin zuena. Epai horrek abusuzkotzat, sistematikotzat, egiturazkotzat eta iruzurtzat jo zuen administrazio publikoek aldi baterako kontratazioari egiten dioten erabilera, eta hori saihesteko neurri eraginkorrak hartzeko beharra adierazi zuen.

Martxoaren 19an Europako Justiziaren beste epai bat jaso dugu, enplegatu publikoen aldi baterako kontratazioaren iruzurrezko eta abusuzko erabilera azpimarratzen duena, baina ez duena ezartzen langile horien guztien finkatze automatikoa:

  • Epaiak agerian uzten du, berriz ere, aldi baterako kontratazioaren abusu sistematikoa, baina Espainiako estatuko epaileen esku uzten du abusu horren mugak eta ondorioak zehaztea.

  • Epaileek, horretarako, Espainiako zuzenbidea aplikatu behar dute, eta horrek, ondo dakigun bezala, ez du ahalbidetzen aldi baterako langile bat, automatikoki, langile finko bihurtzea. Epaiak ere ez du halakorik ezartzen. Lanpostu finkoa lortzeko bide bakarra hautaketa prozesua da oraindik.

  • Epaia kritikoa da mugagabe ez-finko figurarekin, abusua zigortzeko neurri gisa; izan ere, uste du ez dela horretarako egokia, langilea lanpostuaren legezko betetzearen kasuan postutik kendu daitekeelako.

  • Ez du egokitzat jotzen, halaber, Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutuaren laugarren xedapen iragankorretik eratorritako kontsolidazio-prozesuak neurri disuasorio edo zehapen-neurri gisa, borondatezkoak direlako eta, gainera, abusurik jasan ez duten langileen konkurrentzia askea ahalbidetzen dutelako.

  • Halaber, adierazi du Espainiako auzitegiei dagokiela erabakitzea ea, Espainiako zuzenbidearen arabera, aldi baterako kontratazioaren abusua zigortzeko kalte-ordainik dagoen. Gogoratu behar dugu, nolanahi ere, Auzitegi Gorenak jada ezarri duela ezin dela arlo laboraletik inportatutako kalte-ordainik eman funtzionarioen eta estatutarioen kasuan.

Lehenengo ondorio horiek ikusita, ELAk azpimarratu nahi du eskura ditugun tresna guztiak erabiltzen jarraituko dugula, aldi baterako kontratazio sistematikoaren prekarietatea pairatzen duten aldi baterako milaka langileak finkatzeko. Jakina, eskura ditugun tresna juridikoak erabiliko ditugu, eta indarrean dagoen legediak ematen dituen aukerak agortuko ditugu.

Dena den, epai horrek agerian uzten du mobilizazioa inoiz baino beharrezkoagoa dela.

Gure helburua premiazko lege-aldaketa bat lortzea izan behar da, urteetan zerbitzu publikoak aurrera atera izan dituzten langileak finkatu ahal izateko eta egungo egoera berriro gerta ez dadin bermatzeko.

Aldi berean, eta lege-aldaketa horiek lortzen ez diren bitartean, finkatze-prozesu batetik ahalik eta hurbilen dauden oinarriak lortu behar ditugu. Borondatea baldin badago, egungo legediak kontsolidazio prozesu batera asko hurbiltzen diren prozesuak egiteko aukerak eskaintzen ditu. Oinarri horiek negoziatzeko esparrua erakundea bera da. Negoziazio mahaia ez dago Madrilen edo Europan. Gure administrazioei interpelazioa egin behar zaie, haiek baitira LEP bat nola eta noiz egiten den erabakitzen dutenak. Gaur arte existitu ez den borondatea egotea lortu behar dugu.

ELAren ekintza sindikalaren ardatz nagusietako bat behin-behinekotasuna murriztea ahalbidetuko duten kontsolidazio-prozesuak eskatzea izan da eta izaten jarraituko du, aldi baterako langileak finkatuz, bai eta aldi baterako tasa horiek berriro errepikatzea eragotziko duten mekanismo eraginkorrak ezartzea ere.

 

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.