2020-05-14 16:45
Zaldibarko zabortegian bi langile lurperatu zituen luiziaren ondoren ELA sindikatuak salatu zuen bezala, Eusko Jaurlaritza da Zaldibarko zabortegiaren kontrolaren erantzule nagusia. Hala baieztatu du Europako Batzordeak.

 

Virginijus Sinkevicius Europako Ingurumen Komisarioak, Zaldibarko zabortegian akats larriak izan zirela baieztatu du eta arduradunak seinalatu ditu. Zabortegiko funtzionamenduaren gabezia handiak sumatu ditu, eta adierazi du eskuduntzak dituzten agintariek akats horiek antzeman, zaindu eta, beharrez gero, zigortu egin behar zituztela. Komisarioaren arabera, administrazioko agintariak ziren EBko legeria aplikatu eta betearazteko arduradun nagusiak, baita zabortegiaren ez betetze egoera egiaztatzekoak ere.

Verter Recicling 2002ri dagokionez (zabortegia ustiatzeaz arduratzen den enpresa), Batzordeak adierazi du enpresa hau dela bere jardueraren atzean sortutako ingurumen kalteen erantzulea, eta, beraz, kaltetutako baliabide naturalak konpontzeko eta kostu guztiak bere gain hartzeko eskatu behar zaiola.

Larritasuna ikusita, Europako Batzordeak kasua aztertuko du.

Europako Batzordeari erantzunez, Eusko Jaurlaritzak esan du behar duten informazio guztia jarriko duela bere esku, eta egoera horretan bere esku egon den guztia egin duela. Espero dezagun Iñigo Urkulluren Gobernuak informazio guztia Europako Batzordeari helaraztea, orain arte ez baitu gardentasunik izan Zaldibarren gertatzen zenari dagokionez, ez eraitsi aurretik, ez ondoren. Desagertuen familiekin ere ez du izan inongo gardentasunik, ez eta informatzeko eskatu dugun sindikatuekin ere.

Horregatik guztiagatik, ELAk eskatzen dio Eusko Jaurlaritzari bere gain har dezala luiziaren aurretik eta ondoren zabortegian izan duen kudeaketa tamalgarriaren erantzukizuna, eta familiei eta herritarrei informazioa eman diezaiela, beti aipatzen duten baina inoiz ikusten ez dugun gardentasunarekin.

 

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.