2018-11-05 18:24
Donostiako Eraiki Prest enpresa salatu du ELAk, Gipuzkoan bizi zen langile portugaldar batek Alemanian izandako laneko istripu hilgarria dela eta. Hona hemen gaiaren inguruan azken Landeiak jasotzen duen erreportajea.

Bi salaketa aurkeztu ditu ELAk Donostiako Eraiki Prest enpresaren aurka —bat, Lan eta Gizarte Segurantzako Ikuskaritza Probintzialean; bestea, berriz, Eusko Jaurlaritzaren Enplegu eta Gizarte Politika Sailean—, Gipuzkoan bizi zen langile portugaldar batek irailaren 3an Alemanian izan zuen laneko ezbehar hilgarria dela eta. Eguzki-panelak instalatzera joan zen aipatutako langilea Alemaniako Merkendorf hirira, beste lau lankiderekin batera (bi aljeriar eta bi marokoar). Enova Construction CVBA enpresak azpikontratatu zuen Eraiki Prest lan hori egin zezan.

Hamabost metroko altuera batetik erori zen langile portugaldarra, eta berehala hil. Istripu hilgarri hori baino ordu-erdi lehenago, argazki bat egin zioten langile horri, teilatuan zegoela. Argazkiak garbi erakusten duenez, inolako segurtasun-neurririk gabe ari zen lanean: ez sarerik, ez hesirik, ez segurtasun-sokarik…

Furgoneta batean abiatu ziren Donostiatik Alemaniara bost langileak —portugaldar bat, bi aljeriar eta bi marokoar—, irailaren 1ean, eta hilaren 3ko goizaldera iritsi ziren hara. Bost ordu eskas lo egin, eta Eraiki Prest kontratatu zuen Enova enpresako ordezkari batekin jarri ziren harremanetan. Gosaldu ondoren, abeletxe batera joan ziren, teilak kendu eta haien ordez eguzki-plakak jartzera. “Teilatura igotzeko esan zieten, baina inolako segurtasun-neurririk gabe”, diosku Igor San Josék, ELAko eraikuntzako arduradunak. “Argazkiak atera zituzten, zer egoeratan ari ziren lanean jasota gera zedin. Handik bi ordura, 15 metroko altuera batetik erori eta hil egin zen langile portugaldarra. Istripuaren ondoren, izugarrizko “presa” sartu zitzaion enpresari: “Beste lau langileak abeletxetik kanpora eraman zituen enpresako ordezkariak, ostatu hartu behar zuten pisura; hilaren 5ean, berriz, Donostiara itzuli ziren, trenez”. Ahalik eta azkarrena eraman zituzten langileak istripu-lekutik urruti, deklara ez zezaten eta obrako irregulartasunak salatu ez zitzaten.

ELAren babesa

Euskal Herrira itzultzean, ELAra jo zuten langile horiek, gertatutakoa salatzera eta gure sindikatuaren babesa eskatzera. “Beldurtuta zeuden, eta lankidearen heriotzak hunkituta", azaldu digu Igorrek, zeinak oso argi baitauka gertatutakoa ikertu egin behar dela, bai Euskadin bai Alemanian, eta zigortu egin behar direla enpresak, horrelakorik berriro gerta ez dadin eta enpresei doan atera ez dakien.

Alemaniatik itzultzean, inongo babesik ez zuten langile horiek, ez ekonomikorik ez bestelakorik; egoera ikusirik, era guztietako laguntza eman zien sindikatuak deklara zezaten eta gertatutakoaren erantzukizunak argitu daitezen. “Engainatuta eraman zituzten Alemaniara bost langileak: soldata ona agindu zieten, eta otorduak eta ostatua ordainduko zietela. Baina hara heldu orduko esan zieten astean 60 euro irabaziko zituztela. Alemaniako enpresak eskulan merkea eta espezializatu gabea azpikontratatu zuen. Obra-amaierako kontratua egin zieten bost langileei, peoi espezialista kategoriapean. Hilabete geroago ordaindu die Eraiki lan egindako hiru egunak, eta Euskal Herritik kanpora bidali nahi izan ditu. Horregatik zen garrantzitsua langile horiei babesa ematea, gertatutakoa argitu arte”.

Igor San Josék dioskunez, irregulartasun ugari ageri ditu gertakariak: Belgikako Enova Construction CVBA enpresak azpikontratatutako Eraiki Prestek zenbait arau urratu ditu, eta ikertu egin behar dira. “Hemengoa da langileak kontratatu zituen enpresa; Donostian egin ziren kontratuetako lau, bezperan, eta hildako langilearena, berriz, Alemaniara eraman zituen furgonetara igotzean. Langileek ez zeukaten trebakuntza egokirik lan horretarako; ez zuten inoiz lan egin enpresa horrentzat, eta ez zitzaien egin nahitaezko azterketa medikoa. Irregulartasun asko, zinez”.

Pirata txapeldunak

Hona salatzeko moduko beste irregulartasun bat: Eraiki Presteko arduradun bat bera ere ez zen joan langileekin Alemaniara, eta ez zuen prebentzio-baliabide propiorik eraman hara. Nolabait esatearren, abandonatuta utzi zituzten. “Arduradun bat behar zuten, baina ez zieten inor jarri”, salatu du Igorrek. Gogoratu du, bestalde, ELAren salaketa publikoaren ondoren eman zuela enpresak heriotzaren berri Lan Ikuskaritzan.

Hildakoaren lankideek deklaratu ondoren, ikerketaren emaitzaren eta Justiziaren erabakiaren zain gaude. Igor San Josék ez du batere zalantzarik: “Osalan ari da kasuaz arduratzen, eta Alemaniako agintariekin harremanetan jarri da. Zigor zentzagarriak ezarri behar dira”.

Langile-talde horrek bizi izan duen egoeraren dramatikotasunaz gain, gertakariaren irakurketa sindikal eta sozial oso argia egin du Igor San Josék. “Eraikuntzako euskal enpresak ia eredugarriak direla uste du jende askok, eta beste enpresa batzuk, kanpokoak, etortzen direla hona dumping soziala egitera, jendearen premiez aprobetxatzera. Bada, kasu honek erakutsi digunez, hemengo enpresek ere gauza bera egiten dute: lanak onartzen dituzte Frantzian, Alemanian…, eta trebakuntzarik gabeko jendea eramaten dute, oso egoera prekarioetan lan egitera. Ez da harritzekoa, beraz, istripuak gertatzea”.

Egoerari nola aurre egin ere argi dauka Igor San Josék: “Hitzarmen kolektibo ona daukagu; beraz, aplika diezaiegun langile guztiei, hemengoei eta azpinkontrata “piraten” eskutik datozenei. Erakunde publikoek, berriz, hitzarmen kolektiboa betearazi egin behar dute, zigor zentzagarriak ezarriz. Izan ere, hitzarmena ez betetzeak askotan heriotza dakar berekin”.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.