2019-03-07 15:55
Aste honetan hiru greba egun gehiago egin dira jarraipen handiarekin eta ehunka lagun bildu dituzten mobilizazioak burutu dira. Prentsaurrekoa egin dute Bilboko udaletxearen atarian eta bertan izan dira ELA, LAB eta UGT eta USO sindikatuetako ordezkariak.

Etxez Etxeko Zerbitzuko langileok hurrengo mezu hau bidali nahi diogu Bizkaiko gizarteari:

Zainketa-arloko lanetan jarduteagatik eta emakume izateagatik baldintza prekarioetan lan egin behar dugu. Hori dela-eta, M8ko greba feministaren alde agertzen gara, eta genero-desberdintasunik gabeko gizarte batengatiko borrokan parte hartzeko konpromiso sendoa hartzen dugu.

Etxez Etxeko Laguntzaren sektorea ugalketa-arloarekin loturik agertzen da, eta horregatik bai herri-erakundeek, bai sistema kapitalista heteropatriarkalak esparru pribatura zokoratu dute, lan-sistema formaletik kanpo utziz, eta rol hori emakumeoi esleitu zaigu.

Langileok zerbitzuaren balioa eta gizarte-garrantzia azpimarratu nahi ditugu, eta azken urteotan egin izan diren murrizketak salatu. Udalei dagokie Etxez Etxeko Laguntzaren eskumena, baina haren prestazioa lizitazioen bidez azpikontratatzen dute.

Azken 6 urteotan udalek emandako ordu-kopuruak gutxituz joan dira etengabe. Zenbait udaletan gainbehera hori zerbitzu-orduen %30ekoa izatera heldu da.

Murrizketa horiek ondorio txarrak eragin dituzte arreta-arloan zein lan-arloan.

Arreta sozialaren arloari dagokionez:

- Gure zerbitzuko erabiltzaileak gero eta gehiago dira, eta zerbitzu-orduak gero eta gutxiago; beraz laneko ordu bakoitzean eginkizun gehiago dago, eta ondorioz zerbitzuaren kalitatea hondatuz doa apurka-apurka. Etxez Etxeko Laguntza behar dutenei ematen zaien zerbitzua nahikoa ez delako iritzi orokorra dago.

- Gure zerbitzua, zainketa-lana denez, ikusezina eta aitortzarik gabekoa da.

Lan-arloaren aldetik, lanpostuak eta lan-eskubideak galdu izan ditugu urterik urte:

- Enpresek nahiago duten kontratazio-mota behin-behinekoa eta lanaldi partzialekoa da.

- Lanaldien malgutasunak eragozten du lanaren eta norberaren bizitzen kontziliazioa. Ordutegi-aldaketak etengabeak dira eta ia beti egon behar gara lanerako prest.

- Azken 7 urteotan gure eros-ahalmenaren %7 galdu dugu, soldata-izozketaren ondorioz.

- Segurtasun- eta osasun-neurriak hutsaren hurrengo dira, arrisku psiko-sozial handiak egon arren: bakarrean lan egin, etxe askotan gabezia handiekin, mugikortasunerako euskarri mekanikorik eza, artatu beharreko etxeak sakabanaturik daude, laneko erritmo azkarrak, artatu beharreko pertsonek batzuetan patologiak dituzte (eta eraso fisiko edo ahozkoen bidez agertzen dira), gure zerbitzuaren jasotzaileak osasun fisiko eta mentalaren narriadura pairatzen duten pertsonak dira eta horrek badu bere pisu emozionala guretzat, eta abar.

- Eta zer esanik ez, sexu-jazarpenak: izaera sexualeko iruzkinak, hurbilketak, zirriak, besarkadak, musuak...

Horren atzean emakumeak zapaltzeko sistema bat dago. Genero-izaerako diskriminazioak, emakumeok pairatzen ditugunak, ez dira hutsegite bakanak, egiturazko arazoa baizik.

 

 

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.