2021-09-15 12:19
Eusko Jaurlaritzak espetxeetako egungo lan baldintzak beste bi urtez luzatu nahi ditu. Hori adierazi dio ELAri irailaren 15ean Lakuan izandako bileran; hitzorduaren xedea zen datorren urriaren 1ean transferituko diren espetxeetako langileen baldintzei buruz hitz egitea. Eusko Jaurlaritza negoziazio-mahaian dauden sindikatuekin ari da bilerak egiten. ELAk ez du Jaurlaritzaren proposamena ontzat eman, eta bertako eredu publikoa eta kalitatezkoa defendatu du

Bilera horretan, Jaurlaritzako ordezkariek zera proposatu dute: egungo baldintzak beste bi urtez luzatzea, eta beste dokumentu bat idazteko konpromisoa hartu dute, proposamen hori jasotzeaz gain sindikatuon ekarpenak ere kontuan hartuko dituena.

ELAko ordezkariak kezkatuta agertu dira negoziazioaren bilakaerarekin, izan ere, 40 urte luzez espetxeen transferentzia galdegin ondoren, Eusko Jaurlaritzak ez du bere erara garatzeko asmorik, eta estatuko eredua goitik behera ontzat ematen du, inolako hobekuntza eta aurrerapausorik egin gabe.

Oraingoan ere ELAk Jaurlaritzari eskatu dio espetxe-sistema propioa gara dezala, helburua beti ere askatasunik gabe dauden pertsonen bergizarteratzea izango delarik. Horretarako ezinbestekoa da sistema hori publikoa eta humanoagoa izatea, eta presoen eskubideak zorrotz errespetatzea, arreta emakume presoen egoeran jarriz. Bada, hori lortzeko ezinbestekoa da espetxe-sistemak langileei baldintza duinak bermatzea.

Lan baldintza horiek inolako diskriminaziorik gabe parekatu behar dira, soldata, ordutegi eta lanaldiari dagokionez, administrazio autonomikoan diharduten gainerako langileekin (noski, kontuan izan behar da zerbitzu honek baldintza bereziak dituela, urteko 365 egunez eta eguneko 24 orduz pertsonekin ari baita lanean).

Behar-beharrezkoa da Jaurlaritzak argi esatea zer nolako espetxe eredu nahi duen, baita horretarako behar den lantaldearen tamaina zein izango den ere; egungo Lanpostuen Zerrenda hedatu egin behar da espetxeetako benetako beharrei egokitzeko. Hartara, langileekin adostutako Lan Eskaintza Publikoak egingo dira. Enplegu poltsak ez dira langile gabezia konpontzeko benetako irtenbidea; gainera, lantaldearen zati handi bat laster erretiratzekotan da.

Halaber, sektore honetan negoziatu egin behar da mamia izango duen Berdintasun Plan bat eta euskalduntze plana, erreferentzia gisa lantaldearen errealitatea hartuta.

Bestalde, ELAren ustez ezinbestekoa da espetxeetako langileentzako prestakuntza plan egoki bat egitea, uneoro beren osasuna eta segurtasuna bermatuz.

Horregatik, ELAk zinezko negoziazioa eskatzen du, irekia eta gardena, eta ez aldebiko bilerak; legearen baitan osatutako negoziazio-mahaia izan behar da, sektorea integratzekoa den administrazioko ordezkaritzaren araberakoa, non ELAk gehiengoa duen. Sindikatu honek erabat baztertzen du akordio iragankor bat, amaiera data argirik gabea; izan ere, horrek lantaldearentzat egungo baldintzen jarraipen hutsa baitakar, gutxiengoaren ordezkaritzarekin adostu daiteke eta sartzen diren langileei ez lieke bermatuko oraingo baldintzarik.

Horrenbestez, ELAk berehala batzar informatiboak deituko ditu EAEko hiru zentroetan, mobilizazioak bultzatzeko; helburua, hobekuntzak bermatzeko negoziazio prozesua lortzea, ez gaurko baldintzen luzapen hutsa.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.