2019-09-04 17:04
FEADRSek negoziazio kolektiboaren oraingo egitura indargabetu nahi du, hitzarmen probintzialak lehenesten baititu estatuko akordioekiko; horrela kolektibitateetan lan-baldintza negargarriak aplikatu ahal izango lituzke, esaterako lanbidearteko gutxieneko soldata ozta-ozta gainditzen duten ordainsariak.

Sukaldaritza kolektiboko espainiar patronalak (FEADRS) joan den abuztuaren 30ean demanda sartu zuen EAEko Lan Harremanen Kontseiluan; enpresarioen jopuntuan, Lanbidearteko Akordioa, zeinak EAE mailan negoziazio kolektiboaren egitura definitzen duen; hari esker EAEko lan-hitzarmenek lehentasuna dute estatuko hitzarmenekiko.

Demanda sartuta FEADRSek bi helburu lortu nahi ditu: Batetik, EAEko Sukaldaritza Kolektiboaren sektorean nagusi diren sindikatuen negoziazio kolektiborako eskubidea galarazi (ordezkaritza sindikalaren %80tik gora duten arren), eta bestetik, EAEko patronalaren eta ordezkaritza gehieneko sindikatuek sinatu zuten Lanbidearteko Akordioa zalantzan jartzea. Bestalde, FEADRSek eta bere kideek (Eurest Colectividades, Auzolan, Serunión, Sodexo eta Aramark, besteak beste) sektoreko langileei estatuko hitzarmeneko baldintza kaskarrak ezarri nahi dizkiete: esaterako, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako hitzarmenetan jasotakoa baino soldata %50 apalagoak eta lanaldi luzeagoak.

FEADRSek lehenago ere, 2018. urtean, Lanbidearteko Akordioaren aurka jo zuen asmo berberarekin. Baina demanda hura azkenean erretiratu egin zuen, ELAk eragindako presioari eta patronala osatzen duten enpresetan egitekoa zen greba deialdiari esker. Orduan Eusko Legebiltzarrak eskatu zion patronal hari demanda bertan behera uzteko, EAEko eremuan eragile legitimatuok egiten dugun negoziazio kolektiboan interferentziak saiheste aldera.

ELAk aztertu egingo du sortu den egoera, eta bere bitarteko guztiak baliatuko ditu era honetako enpresa esklabistek gure lan-eremuan negoziorik egin ez dezaten.

Gainera, ELAk salatu du goian aipatutako enpresak Eusko Jaurlaritzaren ardurapeko eremu publikoak kudeatzen ari direla, batik bat Hezkuntza eta Osasun sailentzat. Patronalak sartutako demandak eragina izan dezake gaur Lanbidearteko Akordioaren aterpean dauden langileei; honi esker estatuko hitzarmenetakoak baino askoz baldintza hobeak dituzte. Horregatik oso garrantzitsua da sindikatuaren ekintza ez ezik Eusko Jaurlaritzaren jarrera politiko irmoa, enpresa hauek argi ikus dezaten horrela jokatuz gero hemen ez dutela negozioak egiteko aukerarik izango.

 

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.