2019-04-04 16:06
Apirilaren 5ean Donostian egingo den Ohiz-kanpoko Kongresu Konfederalaren baitan ELAk eta Manu Robles-Arangiz Fundazioak Nazioarteko Mintegia antolatu dute. Nazioarteko Mintegian mundu osoan zehar eskuin muturreko gobernu autoritarioak izaten ari diren gorakada aztertu dira.

Bi izango dira jasoko diren lekukotza nagusiak. Batetik Rafael Freire brasildarra egon da. Freire CUT sindikatuaren kide da, eta egun Ameriketako Langileen Konfederazio Sindikaleko idazkari nagusia da. Berarekin batera Yusuf Senol mintzatu da, Turkiako zerbitzu publikoetako langileen sindikatu progresistako nazioarteko harremanen arduraduna.

Freire eta Senol lehen eskutik sufritzen ari dira muturreko eskuineko gobernu autoritarioen agindupean bizitzearen ondorioak. Izan ere, Bolsonaro (Brasil) eta Erdoganen (Turkia) gobernuak bortizki erasotzen ari dira eskubide politiko eta sozialak; langile klasea eta sindikatuak ez daude eraso horietatik salbu.

Freirek salatu duenez, Brasilgo eskuin muturreko gobernua ultrakontserbadorea da giza eskubideen eta askatasun indibidualen alorrean, baina ultraliberala arlo ekonomikoan. “Hori da iragan mendearen hasieran zegoen faxismoarekin dagoen alderik nagusietakoa. Iragan mendeko eskuin muturra oso nazionalista zen arlo ekonomikoan. Brasilen eskubideen kontrako eraso larria sufritzen ari gara. Ez dezagun ahaztu Ameriketako Estatu Batuen kontinente berean gaudela, eta Trumpen eragina nabaritzen ari gara”.

Senolek, berriz, adierazi du 2016. urteko estatu-kolpe saiakeraren aitzakiarekin AKPren gobernuak errepresioa handitu duela. “Milaka dira zerrenda beltzetan sartu dituzten langile publikoak; lagun horiek ezin dute sektore publikoan lan egin, eta behin zerrenda beltzean, akabo, sektore pribatuan ere zailtasunak izan ditzazkezulako. Erdoganen gobernuak 17 sindikatuko legez kanporatu ditu azken urteetan. Errepresioa oso bortitza da”.

ELAko Nazioartea Saileko arduradun Laura Gonzalez de Txabarri ere mintzatu da. Salatu duenez, muturreko eskuin atzerakoiaren dikurtso eta praktikak munduan ez ezik, Europa osoan zehar zabaltzen ari dira. Adierazi bezala, gobernu horiek guztiek badituzte ezaugarri komunak: aberriaren esentziaren idealizazioa; familia patriarkalaren zentralitatea eta hortik eratorritako praktika antifeministak; ordena publikoaren bandera; antisindikalismoa; xenofobia, edota aldaketa klimatikoaren aitortza eza. Beste modu batera esanda, posizio ultranazionalista eta antidemokratikoak dituzte denek oinarrian. Gauzak horrela, eskuin muturrak aurreiritzi erradikal eta arrazistak sozializatea lortu duela gehitu du, ia esfortzurik gabe gainera, beti ere, krisi ekonomikoak eragiten duen beldurraz baliatuz. Are gehiago, agenda politiko osoa markatzen ari direla nabarmendu du Txabarrik.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.