2018-11-07 17:03
ELAk Uriarte Sailburuari exijitzen dio segregazioaren arazoari aurre egiteko neurri zehatz eta eraginkorrak har ditzala eta beharrezko baliabideak bermatu ditzala behingoz. Errealitate honen baitan, ekitatean oinarritutako kalitatezko hezkuntza sistema inklusibo bat helburu, Eusko Jaurlaritzak murrizketak atzera bota beharko lituzke, aniztasun eta hezkuntza premia berezi hoiei erantzuteko beharrezko baliabideak bermatu beharko lituzke eta segregazioaren arazoari aurre egiteko neurri egokiak eta eraginkorrak hartu beharko lituzke.

Egungo jendartean desberdintasun sozialak gero eta handiagoak dira; izan ere, aberastasunaren banaketa gero eta bidegabeagoa da. Alde batetik, krisi ekonomikoaren aitzakiapean inposatu diren murrizketa politiken ondorioz, egoera sozioekonomiko txarra duten familia kopurua gorantz doa eta pobrezia hedatzen ari da, emakumeen artean bereziki. Bestetik, atzerritik gure herrira etorri diren edota etorri behar izan duten familia kopurua ere gorantz doa.

Guzti honen ondorioz gure eskoletako ikaslegoa gero eta anitzagoa da; aniztasun hau, ordea, modu desorekatuan dago banatuta EAEko ikastetxetan. Orokorrean desoreka hau ikastetxe publiko eta itunpekoen artean ematen da, baina baita ikastetxe publiko ezberdinen artean edo itunpeko ikastetxe ezberdinen artean ere (esaterako, Ikastola eta Gizarte Ekimeneko ikastetxeen arteko diferentzia nabarmena da). Horrela, eskolak, kasu askotan abiapuntuko desberdinatasun eta desorekak erreproduzitzen ditu, baita kasu batzuetan areagotu ere.

Gure hezkuntza sistemak abiapuntuko ezberdintasunei aurre egiteko laguntza eta baliabide gehiago behar ditu. Aldiz, Eusko Jaurlaritzaren politikak kontrako norazkoan doaz. Izan ere, krisiaren aitzakiapean hezkuntzaren (eta orohar zerbitzu publiko guztien) deskapitalizazioa eman da zor publikoaren ordainketaren mesedetan adibidez. Honek murrizketa eta ondorio larriak izan ditu hezkuntzan: gelako ikasle ratioen igoera, lanpostuen suntsiketa, behin behinekotasun maila onartezinak, hezkuntza behar bereziak izendatzeko irizpideak gogortu dira…

Errealitate honen baitan, ekitatean oinarritutako kalitatezko hezkuntza sistema inklusibo bat helburu, Eusko Jaurlaritzak murrizketak atzera bota beharko lituzke, aniztasun eta hezkuntza premia berezi hoiei erantzuteko beharrezko baliabideak bermatu beharko lituzke eta segregazioaren arazoari aurre egiteko neurri egokiak eta eraginkorrak hartu beharko lituzke.

Uriarte Sailburuak gaur aurkeztutako dokumentuan (“Atzerritar jatorriko eskolatzea EAEko eskola-sisteman. Diagnostikoa eta esku hartzeko neurri berriak”), diagnostiko larri bat jasotzen duen arren diagnostiko horri modu eraginkorrean erantzuteko beharrezko izango liratekeen neurrien inguruko zehaztasun falta eta orokortasuna kezkagarriak dira. Faltan botatzen ditugu ikasleen banaketa desorekatu hori ahalbidetzen duten eta agerikoak diren faktoreen gaineko neurri konkretuagoak, hala nola, matrikulazio mahai bakarra (bertako jatorria duten eta atzerriko jatorria duten ikasleen matrikulazio orekatua bermatzeko), itundutako ikastetxe batzuk kobratzen dituzten kuoten gaineko kontrol publikoa, edota bestelako neurri zehatzagoak. Bestetik, dokumentuan errealitate honi modu egokian erantzun ahal izateko beharrezko izango liratekeen baliabide gehiagarririk ez aurreikustea deigarria da, eta marketing kanpaiña huts baten aurrean ote gauden pentsatzera eramaten gaitu. Are gehiago Eusko jaurlaritzak aurkeztu berri duen aurrekontu proiektuan hezkuntzara bideratutako inbertsio publikoan beherakada berri bat aurreikusten duenean.

Dokumentuaren azterketa sakonago baten faltan, agerikoa dirudi Eusko Jaurlaritzak propaganda ariketa berri batekin erantzuteko asmoa duela arazo larri honen aurrean ere eta ez duela aurreikusten benetako neurri eta baliabiderik honetan inbertitzerik.

ELArentzat ezinbestekoa da egoera hau konpontzeko neurri zehatzak abian jartzea eta gure hezkuntza sistema, ezinbesteko dituen baliabideez hornitzeko hezkuntza inbertsio publikoa handitzea. Hori egin ezean hezkuntzaren oinarrizko eginbeharra izan beharko lukeen ekitate, aniztasun, berdintasun eta inklusiorako heziketa arriskuan jartzen baitira. Eta horrekin batera justizia soziala eta jendarte integrazioa.

 

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.