2019-06-28 09:03
EAEko Hezkuntza publikoko ikastetxeetan jangela zerbitzua eman izan zuten catering enpresa handien iruzurra aztertzeko Legebiltzarrean sortutako batzordeak bere erabaki txostena amaitu eta ekainaren 25ean Legebiltzarrean onartu zen EH Bildu, Elkarrekin-Podemos eta PPren aldeko bozkekin. Zehaztasun guztiak oraindik ezagutzen ez ditugun arren, txostenak frogatutzat eman du auzian inplikatutako enpresa horien jokaerak hamar urtean 70 eta 80 milioi euro arteko gainkostua eragin diela kutxa publikoei eta familiei, eta utzikeria leportatzen dio Eusko Jaurlaritzari.

ELAn uste dugu egoera hau ez dela kasualitatea, eta atzean daudela zerbitzu publiko baten pribatizazioarekin negozioa egin nahi duten interes politiko neoliberal eta diruzaleak. Hezkuntza Sailak, azken 20 urteetan, sukalde eta jangelen pribatizazio prozesu sakona eraman du aurrera; gaur egun %90ean pribatizatuta dago sektorea. Sindikatuak aspaldian salatu zuen EAEko administrazio publikoaren helburua dela negozio osoa sektoreko enpresa eta interes pribatu handiei ematea. Egoera honek langileen baldintzetan eragiten du zuzenean, eta hezkuntza publikoaren ikuspegi merkantilista bultzatzen du gutxi batzuen mesedetan.

Sistema honek kalte egiten die jantoki zerbitzuari, gure seme alaben elikadurari eta familien poltsikoari. Kaltea frogatuta geratu zen 2016an, jangeletan diharduten catering enpresa handiei 18 milioi euroren isuna jaso zutenean prezioak eta lehia manipulatu zituztelako. Hala ere, hurrengo ikasturteetan Eusko Jaurlaritzak berriro enpresa iruzurgile hauei esleitu dizkie jangela zerbitzuak, kudeaketa sistema pribatuaren aldeko apustua berretsiz, behin eta berriro salatu dugun moduan. Enpresa handi hauen negozioa bermatzen eta defendatzen du Jaurlaritzak egungo ereduarekin; aldiz, ez du bermatzen elikaduraren kalitatea, elikagai osasuntsuak izatea, bertako produktuak erabiltzea, eta are gutxiago prozesu osoan lanean ari diren langileek lan baldintza duinak izatea.

ELAn, beste eragile batzuekin batera, eskola sukalde eta jangela eredu publiko berri baten alde egiten dugu. Elikadura burujabetza eta elikadura osasuntsu baten garrantziaz aspaldi oharturik, jangela eredu publiko batek jarraitu beharreko bi irizpide nagusiak izan behar direla iruditzen zaigu. Hauek bermatuko dute elikagaien kalitatea, janari osasuntsua, ekoizpen prozesu agroekologikoa, bertako produktuak eta bertako ekonomiari bultzada eta ingurumenaren babesa. Proposamen osasungarriagoa, justuagoa eta iraunkorragoa da, eta gainera eskolako sukaldea eta jantokia garrantzi handiko heziketa espazio bilakatzen ditu.

Eskola publikoetako jangelen kudeaketa eredua aldatu beharra dago. Zentro bakoitzeko hezkuntza komunitate osoak jangelaren kudeaketa eredua aukeratzeko autonomia izan behar du, beti ere zerbitzuaren publikotasuna defendatuz eta aukeratzen den kudeaketa eredua edozein izanda ere, elikadura burujabetza, osasungarria eta kalitatezkoa izatearen baldintzak. Edonola ere, egungo enplegua mantendu behar da, eta Eusko Jaurlaritzaren ardurapean bere baldintzak hobetu.

Oraingoz eskola jangelen kudeaketa erabakitzen ari den hileotan ezkutukeria nagusi izan da. Jaurlaritzaren aldetik bere ohiko jokabideari eustea ez da hasteko modurik onena.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.