ARGIA.eus

2019ko ekainaren 20a

Eragileen plaza!

SORTU KONTUA
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.
2019-01-11 12:16
Eusko Jaurlaritzak plazaratu duen eskola jangelak guraso elkarteen bidez zuzenean kudeatzeko aukera zabaltzeko asmoa. Azken hilabeteetan ELAk 6 aldiz eskatu du Eusko Jaurlaritzak gai honen inguruan duen asmoa azaltzeko, ekarpenak egin eta eztabaidatu ahal izateko, baina prentsaren bidez ezagutu ditugu bere asmoak. Sindikatuak defendatzen duen eredua elikadura burujabetzan, jangelak hezkuntza espazioak izatean, eta enplegu duina mantentzean oinarritzen da.

Lehenik eta behin gardentasun falta salatu behar dugu. Eusko Jaurlaritzak aipatzen duen 2017ko abenduan sortutako Eskola Jangelen Komisioan parte hartzeko betoa jarri zitzaion ELAri. Sorreratik salatu genuen. Gaiaren inguruan Hezkuntza Sailarekin izan dugun bilera bakarra zehazteko mobilizazioak egin behar izan genituen. Bileran, eskola jangelen kudeaketaren etorkizunaren inguruan Jaurlaritzak duen jarreraren inguruko informazioa ukatu zitzaigun, baita Komisioaren inguruko informazioa ere.

Bilera hartan zegoen sailaren ordezkariaren hitzetan, Komisioaren aktak badaude baina ez dira publikoak.

Bestalde, eskola jangelak hezkuntza espazio izatearekin bat egiten dugu, baita eskola jangeletako kontsumo eredua aldatuz elikadura burujabetzan aurrera egitearekin ere. Ez dugu uste Eusko Jaurlaritzaren proposamenak helburu hauetan sakondu nahi duenik. Kontrataziotik hasita prozesu osoa guraso elkarteen esku uztea, ardura publikoaren utzikeria argia da. Eskaintzen den alternatiba gaur egungo ereduarekin jarraitzea edo jangelen kudeaketa ardura osoa gurasoen gain uztea bada, azken honek dakartzan zailtasun eta arazo guztiekin (aurrera eraman diren esperientzia pilotuetan argi geratu den bezala), ELAk uste du Jaurlaritzaren helburua beharrezko norabidean aurrera ez egitea dela.

Azkenik, ez ditugu ezagutzen Eusko Jaurlaritzak egungo eskola jangeletako langileekiko dituen asmoak. Gaur egun administrazioko langileak eta azpikontratatutakoak batera ari dira jangeletan. Enplegua mantentzea eta lan baldintza duinetan aritzea beti izan dira marra gorriak ELArentzat, eta hala izaten jarraituko dute balizko eredu aldaketan ere.

Beraz, gardentasun falta, ardura publikoen utzikeria eta enplegua eta lan baldintzak mespretxua azaltzen duen proposamena da. Aipatzekoa da guzti hau hurrengo ikasturteetarako eskola jangelen kudeaketa esleitzeko prozesua martxan jartzeko aste gutxi falta direnean egin dela. Gaizki hasi gara.

 

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.