2020-11-20 13:50
2020-2021erako aldarrikapen fiskalak erregistratu ditugu Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Aldundia eta Nafarroako Gobernuan

Gaur, Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartako ordezkariek 2020-2021erako aldarrikapen fiskalak jasotzen dituen dokumentua erregistratatuko dute Hego Euskal Herriko foru instituzioetan.

Gaur egungo testuinguruan, zor publikoak gora egingo du. Ez hainbeste aurrekontu-hornidurak handitzen direlako, baizik eta diru-bilketaren beherakadagatik.

Zerga-sistemaren diru-bilketarako gaitasuna eta progresibitatea indartu behar dira, ez egoeraren arabera, baizik eta behin-betiko, diru-sarrera publikoen bolumena handitzeko, zerga-ekitatea eta zerga-progresibitatea handitzeko eta banaketa-gaitasuna hobetzeko.

Helburu horiekin, honako hauek proposatzen ditugu:

1. Aberastasunaren jabetza zergapetzea: Gaur egun, aberastasunaren gaineko fiskalitatea hutsala baino ez da, eta, beraz, premiazkoa da aberastasun metatuaren gaineko zerga eraginkorra izatea. Helburua: baliabide publikoak berreskuratzea, aberastasun handiei presioa eginez.
• Berehala, errekargu espezifiko bat ezartzea, progresiboa izango dena eta %1 eta %10 artekoa.
• Zerga aldatzea: ondarearen gaineko zergaren tarifa bikoiztea; hobariak kentzea eta salbuetsitako gutxienekoa 350.000 eurotan kokatzea. Zerga honen eta PFEZren zerga osoaren muga ezabatzea.

2. Sozietateen gaineko zerga: lortutako etekinen arabera ere ordaindu behar dute enpresek.
• Zergaren kenkari eta pizgarri fiskal guztiak ezabatzea.
• Zerga tasa %35era igotzea.
• Errekargu berezi bat ezartzea Sozietateen gaineko Zergaren aitorpenean, 2019ko irabazien %20koa.
• Zerga erabiltzeari uztea lurraldeen arteko lehia fiskala elikatzeko, eta zerga-paradisuen eta etekinen desbideratzearen aurkako borroka gogortzea.

3. PFEZ progresiboagoa:
• Kapitalaren tarifa espezifikoa kentzea, errenta-iturri guztiek tratamendu bera jaso dezaten eta karga progresiboko eskala berari lotuta egon daitezen.
• Zergaren progresibitatea handitzea, gehieneko tasa marjinala %60ra igoz eta tarifa-tarteen kopurua handituz.

4. Oinarrizko produktuei BEZa murriztea eta luxuzko produktuetan BEZa handitzea.

5. Zerga-arloan erabakitzeko eta ezartzeko gaitasun osoa aldarrikatzen dugu.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.