ARGIA.eus

2019ko apirilaren 24a

Eragileen plaza!

SORTU KONTUA
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.
2018-06-06 15:17
ELAk salatu duenez Eusko Jaurlaritzak mahai baterako bilera-deia egin du, erretiro partzial ezin txarrago bat proposatzeko, eta aldiz ez du hitz egin nahi enpleguaren egoera larriaz, ezta azken urteotako murrizketak lehengoratzeaz ere.

Gaur Gasteizen egin den Mahai Orokorreko bileran Andres Zearreta sailburuordeak akordio-proposamen bat aurkeztu du, hurrengo bi urteetan administrazioko langile laboral finkoei eskainiko zaien erretiro partzialari buruz.

Eusko Jaurlaritzak aurkeztu duen proposamen hori Mariano Rajoyk 2013. urtean egin zituen bi pentsio-erreformetako lehenaren aplikazio praktikoa da; 5/2013 Errege Lege Dekretuaren bidez ezarri zen pentsio-erreformaren aplikazioa, hain zuzen. Pentsio-erreforma hark erretiro partzialeko adina atzeratzea ekarri zuen, 63 urtetik 65 urtera, arian-arian eta kotizaturiko urteen arabera. Eta, gainera, partzialki erretiraturiko langilearen lanaldia luzatu zen, gutxienez, urteko lanaldiaren %50eraino.

Eusko Jaurlaritzaren proposamena Rajoyren dekretuaren ?ebaki eta itsatsi? bat besterik ez da izan. Erretiro partziala eskuratu ahal izateko betekizun hauek bildu behar dira: langile laboral finkoa izatea, dekretuan ezarritako adina, 33 urte kotizatuak, 6 antzinatasun-urte, eta guztiz erretiratu arte urteko lanaldiaren %50 lan egitea. Bestalde, errelebo-hartzaileak aldi baterako kontratua izango du.

ELAk egotzi dio Eusko Jaurlaritzari Madrildik agindutako erreformak bere egin izana. Horrekin batera, ELAk Hego Euskal Herrian bizi direnen pentsioak gure esparruan erabakitzeko eskubidea aldarrikatu du.

Gainera ELAk eskatu dio Eusko Jaurlaritzari erakunde horretako langileek erretiro partziala eta errelebo-kontratua eskuratu ahal izatea hurrengo baldintza hauekin:

  • Betekizunak betetzen dituzten euskal sektore publikoko langile guztien eskueran izatea (aurrekontu-partidaren menpe egon gabe, eta pertsonal finkora mugatu gabe).

  • Erretiro partziala hartzen duen langileak lizentzia ordaindua izatea (erretiro-prima).

  • Errelebo-hartzaileak denbora osoko kontratua izatea, eta lanpostu hori ez amortizatzea.

  • Erretiro-mota horri atxikitzeko baliabideak eskaintzea langile funtzionarioei eta estatutupekoei.

ELAren iritziz Jaurlaritzak ez du inolako borondaterik erakutsi enplegu publikoaren egoera larria onbideratzeko, ezta bere langileen eskubideak lehengoratzeko ere. Eta oraingo honetan sindikatuoi bilerara deitu digu, baina Mahai Orokorreko bilera horretan plazaratu duen proposamen bakarra erretiro partziala pertsonal laboral finkoari bakarrik eskaintzea izan da, eta Madrilgo pentsioen erreforman ezarritako baldintza ezin txarragoetan.

Hori horrela, ELAk eskatu dio Eusko Jaurlaritzako Funtzio Publikoko sailburuordeari ?adabakiak? jartzen ez jarraitzeko, eta ?arazoa egiturazkoa eta sakona denez? gehiengo sindikalarekin adostasunez proposamen bat behingoz egiteko; beti ere suntsituriko enplegua berreskuratze aldera, eta esparru horretan 30.000 lanpostu kalitatezko eta egonkor finkatzeko prozesuak sortze aldera. Ahaztu gabe eroste-ahalmenaren galera, %15etik gorakoa baita, Itzarrirentzako ekarpenak dagoeneko finkaturik dauden portzentajeetan, gaixotasun-zigorra berehala kendu beharra, eta murriztuz joan diren gainerako lan-baldintzak berreskuratzea (karrera edo lanbide-garapena, erretiro-primak...). Azkenik, langile publiko azpikontratatuen lan-baldintzak ere duindu behar dira.

 

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.