2018-03-22 14:52

Erresistentzia Kutxa ELAren elkartasunezko tresnen artean nagusia da. Afiliatu guztiek hilero ordaintzen duten kuotaren %25 kutxa horretara doa, oraingo eta geroko grebei eusteko. Kutxak negoziazio kolektiboan duen eginkizuna funtsezkoa da.

Botere politiko eta ekonomikoaren eskutik prekarietatea hedatzen ari da lan-munduan, eta prekarietate horren aurkako borrokan ELAk dituen tresnarik onenak antolakuntza eta erresistentzia-kutxa dira. “Gure nortasunaren ezaugarriak dira, horien bidez indar egin dezakegu ekintza sindikalean” dio Amaia Muñoak, ELAko diruzainak eta idazkariorde nagusiak.

“Enpresa eta sektoreetako prekarietatea agerian uztea, jendea antolatzea eta borroka egitea ez da lan erraza, baina gure lana da. Behin aurretiazko lan hori egin ondoren, greba da baliabiderik eraginkorrena eta zuzenena patronalaren iritzia aldarazteko. Greba ez da biderik errazena, ezta erosoena ere, erresistentzia-kutxa badugu ere; baina batzuetan uzten diguten bide bakarra da, eta orduan hortik joan behar dugu”.

“ELA ez doa grebara nahita –zehaztu du–. Gure ardurapean dago borrokak irabazteko baldintzak jartzea. Beraz, lehenengo eta behin, arlo kolektibotik prozesuak landu behar dira, jendearen partaidetzaz. Bigarren, dauden hipotesiak arreta handiz aztertu behar dira, eta baita aplikazio-bermeak ere. Eta hirugarren, mobilizazioaren plangintza dago, eta horren barruan diru-sostengua grebak dirauen artean”.

ELAko diruzainak azaldu digu erresistentzia-kutxa ezinbestekoa dela negoziazio kolektibo ausarta egiteko eta krisian zehar kendu digutena berreskuratzeko. “Kutxa zaindu ezean, ez gara egongo irabazteko moduko borrokak egiteko. Gurea bezalako beste kutxarik ez dagoen testuinguru honetan, batzuentzat arazo bat da, baina benetako arazoa borrokarako horrelako tresna gehiago ez izatea da”.

Eta giltzarria eredu sindikalean datza; izan ere, afiliatuak eta haien kuotak dira ekintzaren eta borroka-tresnen oinarria. Gaurko egunean 100.000 lagun dira langileen borroka-proiektu honen partaide, eta parte hartzeko modu bat erresistentzia-kutxari egiten zaion ekarpena da.

Gardentasuna da ELAren Erresistentzia Kutxaren beste ezaugarri bat. “Arautegian argi eta garbi daude ezarrita eskubideak eta betebeharrak, eta lau urterik behin egiten den kudeaketa-txostenean epealdi horretan kutxara bideratu diren diru-kopuruen berri ematen zaio jakitera Kongresuari. Datuen gardentasuna eta egiatasuna izan dira ELAren betiko bereizgarriak, hortxe dago bereizten gaituen aldea”.

“ELAk beteko du ogasunekin, beti bezala”.

Otsailaren 4an eldiario.es-ek albiste bat isuri zuen: Bizkaiko Foru Ogasunak sindikatuak ikertzen zituen, erresistentzia-kutxa zela-eta. Zehazkiago hurrengo datu hauek zituen aztergai: kalte-ordainak jaso dituzten langileen izen-abizenak, ordaindutako diru-kopuruak eta atxikitako zenbatekoak, baleude, 2014, 2015, 2016 eta 2017ko ekitaldietan. Argitaraturiko informazioaren arabera, Bizkaiko ogasunak hamar eguneko epea eman zuen informazioa emateko, eta bide batez jakinarazten zuen, errekerimenduari erantzun ezean, “zerga-arloko arau-haustea zela, eta isuna jartzea ekarriko zuela”. ELAren erantzuna berehalakoa izan zen. “Kutxa 1978. urtean sortu genuen, eta harez geroztik herri-ogasunen jarraibide guztiak bete izan ditugu” azpimarratu du, eta gogoeta bat partekatu du gurekin: “sistema bidegabe honi aurre egiten dion eta borroka egiten duen jendearen aurka doa neurri hori”.

-Eta zein da azken berria Erresistentzia Kutxaren tratamendu fiskalari buruz?

-Bizkaiko Ogasunak bere orain arteko irizpidea aldatu du. 40 urtetan Kutxaren kalte-ordainak salbuetsita egon dira, baina aurrerantzean lan-errendimendutzat hartuko dira, nahiz eta foru-arauetan sari horiek, ezta antzeko ezer ere, jasota ez egon. Ondorioz, ELAk atxikipenak egin beharko ditu, eta Kutxatik kalte-ordainak jasotzen dituztenek sarrera horiek islatu beharko dituzte beren errenta-aitorpenetan. Irizpide-aldaketa izan da, gu ez gatoz bat aldaketa horrekin, baina men egingo diogu.

- ELA ez dator bat erabaki horrekin, ez edukian, ezta moduan ere?

- Gure iritziz kalte-ordain horiek ez dira lan-errendimendua. Ogasunek interpretazio hori egiten badute, arauan sartu beharko dute behar bezala, eta horrela segurtasun juridikoa izango dugu. Halaber diogu kalte-ordain hauek, beste “lan-errendimendu” batzuk bezala, salbuetsita egon beharko liratekeela, orain arte bezala.

- Eta albiste hori otsailaren 4an isuri zen prentsara...

- Istorioa guretzat 2017ko maiatzean hasi zen, orduan Bizkaiko Ikuskaritzaren gutun bat jaso genuen, kutxatik hainbat urtetan eginak ziren ordainketei buruzko argibideak eskatuz. Gutun hura jaso, eta, ezin bestela izan, harremanekin jarri ginen haiekin. Ogasunak bere gutunean esaten zigun Kutxaren ordainketak lan-errentak zirela, eta atxikipenak egin behar zirela. ELAren ikuspuntutik, ordea, kalte-ordain horiek ez dira inoiz hartu lan-errentatzat, ez hemen, ez Europako beste inon ere.

- Orduan kontu hau Ogasunaren irizpide-aldaketa baten ondorioz izan da, ez da iruzurra izan.

- Hala da. Guk alegazioak aurkeztu genituen, irizpide-aldaketa horren aurrean. Ez zituzten kontuan hartu, eta aurrera eraman zuten beren errekerimendua. Bilera bat egin genuen, eta esan ziguten informazio-eskaera besterik ez zela, eta informazioa aztertu ondoren, berriro deituko zigutela, kudeaketa-tartea emanez, jakina... ELAk ez zuen beste berririk jakin Ogasunetik 2018ko urtarrilera arte, e-mail bat jaso genuen-eta. Orduan jakinarazi ziguten, behin betikoz, kalte-ordainak lan-errendimendutzat hartzen zituztela, eta atxikipenak egin beharko genituela. Puntu horretan geundela, hitzemana ziguten bilera eskatu genuen, baina bilera egin orduko, informazio hori isuri zen prentsara.

- Bizkaiko Ogasunaren jardunbide horrek ba al du aurrekaririk?

- Bai, badu. Sindikatuak antzeko errekerimendu bat jaso zuen Arabako Ogasunetik 2006. urtean; artean PP aldundian nagusi zela. Errekerimenduaren jatorria izengabeko kontsulta bat izan zen, Caballitoren grebaren testuinguruan. Orduko hartan Arabako Ogasunak espediente bat ireki, sindikatuak bere alegazioak egin, eta espedientea artxibatu zen.

- Nola interpretatzen duzu kontu honen inguruan gertaturikoa?

- Bada, funtsean, Bizkaiko Ogasunak bere orain arteko irizpidea aldatu du, erresistentzia-kutxaren ordainketen gaineko trataera fiskalari dagokionez. Ogasunaren asmoa da langileek greba egitean Kutxatik jasotzen dituzten kalte-ordainak zergapetzea. Neurri horren eraginpean aurre egiten duten langileak daude, langile borrokalariak. Ez dirudi txiripa hutsa denik.

Gainera, Ogasunak kontu hori eraman duen moduan bi alderdi oso deigarriak daude. Lehenengo eta behin, Ikuskaritza izan da jardun duena, Ogasuna izan beharrean. Zergatik ez du azaldu bere irizpide-aldaketa Ogasunak? Guk ez badugu araurik urratu, zergatik egin digute ikuskaritzaren errekerimendua?

Bigarren, ELAren aurkako ekimena ez bada, kontatu ziguten bezala, zergatik ez zieten deitu sindikatu guztiei, kuota sindikalak zergarintzeko gaian, esate baterako, egin den bezala?

- Baten batek ELAri egindako vendetta izan dela esan du. Ez da ahaztu behar errekerimendu horren testuingurua: zahar-egoitzen greba eta Aldundiarekin izandako tirabirak.

- Ez naiz hasiko asmakerietan, baina inork sindikatuari kalte egin nahi izatekoan, agian oker dabil estrategian. Erresistentzia Kutxari egindako publizitatea eskergaitza da... Kutxadun sindikatuaren balioa eztabaidaren erdigunean kokatu dute. Mezu argi bat bidali dute: ELAren kutxaren garrantzia eta eraginkortasuna, gatazkei dagokienez.

- Agidanez, EAEko gainerako ogasunak Bizkaikoaren ildotik joango dira.

- Bilerak egiten ari gara ogasun guztiekin. Guretzat lehentasunezkoa da grebara doan jendeak segurtasun juridikoa izatea, eta jakin behar dugu zer egiteko asmoa duten. Hori esan eta gero, ELAren ustez greba-kalteordainak salbuetsita egon behar dira. Baina ogasun batek bere irizpidea aldatzen badu, ELAk bere betebehar fiskalak beteko ditu, betiko moduan.

 

 

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.