2018-06-27 17:54
ELAk bere aldetik jarritako salaketa batek bere fruituak eman ditu. Izan ere, irabazi berri duen sententzia bati esker, Osakidetzak 2011n plazaratu zituen eta aldebakarrez bertan behera utzi zituen lanbide-garapenaren deialdiei dagozkien soldata-osagarriak ordaindu beharko ditu, baita atzerapenak ere.

Epaian aitortu denez, Osakidetzako 7.000 langilek ez zuten nominan jaso zegokien soldata-osagarria, jasotzeko eskubidea izan arren. Hori gutxi balitz, Osakidetzak soldata-eskala bikoitza sortu du bere plantillan: alde batetik, lanbide-garapenera sarbidea izan dutenak, eta, beraz, kobratzen dutenak; eta bestetik, merezimendu berdinak eduki arren, deialdian parte hartzerik izan gabe kobratzen ez dutenak, edo dagokiena baino gutxiago kobratzen dutenak. Osakidetzak erabat onartezina den diskriminazio egoera sortu du, behin eta berriz salatu duguna, eta beste behin, berehala amaitutzat jotzeko eskatzen duguna.

Langileei 250 milioi euro baino gehiago zor zaizkie bertan behera utzitako deialdiagatik eta 2012. urtez geroztik egin ez diren beste horiengatik.

ELAk honako hau aldarrikatzen du:

  • Epaiaren eraginpeko langileei zor zaizkien diru-kopuruak berehala ordaintzeko eskatzen dugu, eta baita deialdi-ezagatik kalteturik gertatu diren gainerako langileei ere. Finean, gaur egun dagoen soldata-eskala bikoitzarekin amaitzea eskatzen dugu. Ordainketa horiek langile guzti horiei egin behar zaizkie, atzerakinekin. Ez dugu murrizketarik onartuko.
  • Lanbide Garapenaren eredu berri bat negoziatzea eskatzen dugu, irizpide objektiboen arabera eta diskriminaziorik gabe; oraingoa ez bezalako beste eredu bat adostu beharra dago. ELAk hasieratik agertu zuen bere desadostasuna oraingo ereduarekin, eta ordezko aukerak proposatu zituen.

Orain da momentua Osakidetzari erakusteko ez diogula gure soldataren zati bati uko egingo. Epaiaren aginduz Osakidetzak 2011 deialdian parte hartu zuten langileei dagozkien soldata-osagarriak ordaindu beharko dizkie, atzerakinak ere barne (2012tik).

Baina Osakidetzak deialdi batean parte hartzerik izan gabe kobratzen ez dutenei ere zor die soldata hori; edota dagokiena baino gutxiago kobratzen dutenei beste maila batera sarbidea izateko baldintzak betetzen baitituzte. Eta kasu honetan ere, dagozkien atzerakinekin, Osakidetzak deialdiak (urterokoak) egin behar izan zuenetik eta ordaintzen hasi behar izan zuenetik.

Afiliatuta bazaude eta deialdi ezak zuregan eragina izan badu, sakatu ondoko lotura eta erreklamatu ezazu zure Garapen Profesionala.

Erreklamatu hemen zure Garapen Profesionala



 

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.