2020-03-26 18:46
Mikel Noval eta Pello Igeregi,Batzorde Eragileko kideak, izan dira ELAren ordezkariak gaur arratsaldean Eusko Jaurlaritzak deitu duen krisi mahaian. Biek esan dute erabateko lehentasuna eman behar zaiola osasun publikoari; horretarako “kutsatze kasuen atzetik joan ordez kontrolpean dagoen egoera batera iritsi behar da lehenbailehen, test azkarrak eginez”.

Hain zuzen, Igeregik eta Novalek azaldu dute milaka langilek beren lanpostuetan zer nolako egoera latza jasan behar duten, batik bat zahar-etxe, ospitale eta elikagai dendetan. Bestalde, ELAko ordezkariek esan dute funtsezkoak ez diren jarduerak murriztea dela oraintxe bertan osasun publikoari egin ahal zaion mesederik handiena. 

ELAren iritziz krisi honek hasieratik argi utzi du “urgentea dela gizarte arloan erabaki berriak hartzea, kaltetutako pertsonak babesteko: enplegua galdu dutenak, lanpostu duin bat berriz izateko luzaro itxaron behar izango dutenak; finean, jendarteko kiderik ahulenak”.

Mahaiaren aurreko bileran sindikatu honek esan zuen hau izan behar zela lan-ildo nagusietako bat, baina Jaurlaritzak ez du egoera larriaren tamainako erantzunik eman. Krisi sozialari aurre egiteko asteon hartutako erabakiak berandu datoz, eta gainera oso motz geratuko dira.

ELAk honako eskariak egin ditu, premiaz hartu beharrekoak:

  • Prestaziorik ez duten langabe guztientzako gutxieneko errenta bermatua, LGS adinekoa.
  • DSBEaren sisteman indargabetu egin behar dira zenbatekoari buruzko xedapenak, zeintzuk 2008ko Legea bere horretan aplikatzea galarazten duten.
  • Dirusarrerak eta kotizazioak bermatze aldera hainbat erabakiren ondorioz -esaterako, ikastetxeetan eskolak etetea- zaintza lanak beren gain hartu behar izan dituztenentzako prestazio bat ezartzea.
  • ERTEetan enpresei ez eman txeke zuririk, ez ditzaten justifikatu gabeko epe batez luzatzeko baliatu, eta exijitu aldi baterako langileen kontratuak ez daitezela amaitu.
  • Etxegabetzeak atzeratzea eta errenta zein hipoteken ordainetik salbuetsita geratzea COVID-19aren krisiak eragindako pertsona guztiak.
  • Etxebizitza, elikadura eta energiaren moduko oinarrizko eskubideen estaldura bermatu, batez ere kolektiborik zaurgarrienentzat. Hornidura eteteko debekua hiru hilabeteko epean. 

 

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.