2020-11-18 11:51
Azkenean, ez da azaroaren 18rako deitutako epaiketa egingo, Ligak Jon Ander Albisu eta Asier Agirreri partida galdutzat emateko erabakia bertan behera uzteko konpromisoa hartu ostean. Langileek jasan zuten grebarako eskubidearen urraketa azkenean konponduko dela ikusita, jarritako demanda judizialak bertan behera uztea erabaki dute Agirre, Albisu eta ELAk, eta gaia ez da auzitara helduko.

2020ko azaroaren 17ko idazkian, EPEL-eko Kontseilari Ordezkariak eta Epaile Bakarrak hurrengo 24 orduetan ebazpen bat emateko konpromisoa hartzen du, "Lehiaketako Epaileak 2020ko urriaren 10ean hartutako erabakiaren ondorioak baliogabetzeko eta EZKURDIA-MARTIJA & AGIRRE-ALBISU binakako finalerdi-partida 2020ko abenduaren 4an jokatzeko. Partida horretatik aterako da 2020ko abenduaren 8an jokatuko den finaleko partidan jokatzeko eskubidea izango duen bikotea.”

Konpromiso horrekin, zeinak baldintza gisa duen ELAk, Agirrek eta Albisuk EAEko Justizia Auzitegi Nagusian jarrita zuten demanda erretiratzea, amaiera ematen zaio Ligak Agirre eta Albisuri finalerdietako partida galdutzat ematea erabaki ondoren hasitako gatazka judizialari.

Duela aste batzuk adierazi genuen bezala, greba mekanismo baliagarria da lan-arloko aldarrikapenak defendatu eta lortzeko, eta ELAk gogor egingo die aurre mekanismo horren aurkako edozein jokabide edo errepresaliei. Eta, jakina, ezein epaile, enpresa edo kirol-agintarik ezin du hartu greba egingo duten langileen oinarrizko eskubideei kalte egiten dien erabakirik.

Kautelazko Neurrien Autoaren ostean, non Auzitegiak Albisu eta Agirreren grebarako eskubidea urratu izanaren zantzuak hauteman zituen, Ligak epai bat saihestu nahi izan du zentzu horretan, eta finalerditako partida berriz ere programatzea eragindako kalte horren aitorpena eta ordaina da, azken finean.

Hori ikusita, eta langileek jasan zuten grebarako eskubidearen urraketa azkenean konponduko dela ikusita, jarritako demanda judizialak bertan behera uztea erabaki dute Agirre, Albisu eta ELAk, eta gaia ez da auzitara helduko.

ELAtik gure poza eta asebetetzea adierazi nahi ditugu, batez ere Jon Ander Albisu eta Asier Agirrerengatik, beren karrera profesionaleko etapa garrantzitsu bat arriskatu eta sakrifikatu baitzuten lankide guztien mesedetan, eta beraien grebarako eskubidea urratua izan baitzen juridikoki oso defentsa eskasa zuen ebazpen baten bitartez. ELAtik zinez saiatu ginen Liga abisatu eta ohartarazten, partida galdutzat ematearen legez kontrako erabaki hura saihesteko: abisatu genuen greba-eskubidearen aurkako edozein erabaki gogor borrokatuko genuela auzitegietan, azkenean gertatu zen bezala. Jon Ander Albisuk eta Asier Agirrek ELArekin batera hasi zuten borroka juridiko eta sindikalik gabe, gaur berri poz hau ematea ezinezko litzateke, eta binakako txapelketako finalisten izenak ez lirateke kirol-irizpidetan oinarrituta egongo.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.