2019-01-29 09:09
Emakume langile bat berriro lanera onartzera behartu du Osakidetzari, aldi baterako kontratazioa iruzurrezkoa izan delakoan. Epaiak ELAri ematen dio arrazoia eta Auzitegi Gorenak emandako epai batean oinarritzen da, Osakidetza kondenatu zuena ere aldi baterako kontratazioan iruzurra egiteagatik.

Euskal Autonomi Erkidegoko Auzitegi Nagusiak arrazoia eman dio ELAri, eta Osakidetza kondenatu du emakume bati iruzurrezko kontratazioa egiteagatik.

ELAtik kontratuaren azkentzea deuseztatzeko eskatu genuen, 3 urte baino gehiagoko iraupena izan zuen kontratu bat, Osakidetzaren esanetan behar koiunturalei erantzuna emateko egindakoa. Euskal Autonomi Erkidegoko Auzitegi Nagusiak Osakidetza behartu du langilea berriro lanera onartzera, eta baita kontratua amaitutzat jo zutenetik iragan diren bi urte baino gehiagotan jaso gabeko soldatak ordaintzera ere.

Epaian, beraz, Osakidetzak aldi baterako kontratazioan egiten dituen gehiegikeriak aitortu dira, eta horretarako, Auzitegi Gorenak pasa den urteko irailean emandako epai batean oinarritzen da. Horretan, Auzitegi Gorenak arrazoia eman zio ELAri eta Osakidetza kondenatu zuen aldi baterako kontratazioan iruzurra eta abusua egiteagatik.

ELAk aspalditik salatu izan ditu Osakidetzaren aldi baterako kontratazioaren gehiegikeria sistematikoak, sarri-askotan lege-iruzurrean eginak. Eta iruzur horiek beren ondorioak izan behar dituzte. Euskal Autonomi Erkidegoko Auzitegi Nagusiak, oraingo epaiaren bidez, gure iritzia berretsi du, Osakidetza aldi baterako kontratuenak ez beste xedeak betetzeko baliatzen dela deklaratu baitu.

Osakidetzan behin-behineko eta aldi baterako kontratazioak sistematikoak dira. Izan ere, maiz kontratazioaren zergatia unean uneko lanak dira; baina egiatan horrela kontrataturiko langileek ohiko lanak egiten dituzte, berez egiturazkoak diren postuetan. Auzitegi Gorenak iruzurrezkotzat jo zuen praktika hori eta orain, Euskal Autonomi Erkidegoko Auzitegi Nagusiak, gauza berbera egiten du.

Agerikoa da Osakidetzaren apustua lan-prekarietatearen aldekoa dela. Osakidetzak 15.000 langile ditu, aldi baterako kontratuekin; hau da, plantilla osoaren ia %40. Arazoa ez datza legezko mugetan, Osakidetzaren borondate politikoan baizik; behin-behinekotasunaren tasa altua izanik, halako zerbitzuak edozein unetan pribatizatu daitezke aiseago. Hori dela-eta 3.000 lanpostu suntsitu dira.

ELAren eskueran dauden baliabide guztiak erabiliko ditugu, plantillak egonkortzeko, eta gaur egun nagusi den prekarietateari amaiera emateko. Horrela bakarrik eraiki ahal izango dugu osasun-sistema publiko eta kalitatezko bat gure gizartearen zerbitzura.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.