2020-09-03 13:29
Enpresak kaleratzeak gauzatu nahi ditu Estatu mailako enplegu erregulazio baten bidez. ELA kaleratzeen aurka egoteaz gain, irtenbideak lan zentrotik haragoko mahaietan aztertzearen aurka ere badago.

 

Pasa den astelehenean jakinarazi zigun enpresak mahai negoziatzailea eratu nahi duela Zamudioko eta Madrilgo 2 lan zentroetan kaleratzeak gauzatzeko. Jakinarazi diogu zein den gure jarrera: ez dugu kaleratzerik onartzen eta egoera lan zentroz-zentro aztertzearen alde gaude.

Jakitun gara aeronautika sektorearentzako ez direla garai errazak, baina oso gogoan ditugu enpresak azken urteetan izandako emaitza positiboak. 2016-2019 urte artean 260,6 miloi euroko irabaziak pilatu zituen eta 2016an 23,3 miloi euro banatu ziren dibidendutan. Egoera hau estrukturala beharrean koiunturala dela argi izanda, enpresak argudiatzen duen lan karga jaitsierari aurre egiteko kaleratzeak beharrean bestelako irtenbideak egon daitezkeela ziur gaude.

Enpresaren egoera aztertzeko konpromiso sendoa dugu, betiere langileek azken urteetan egindako esfortzua aintzat hartzen bada; langileen ahaleginari esker lortu baititu hain emaitza positiboak. Ez dugu kaleratze bat bera ere onartuko eta irmoki gaitzesten dugu EEEa estatu mailako eta 3 lan zentrori eragingo dion mahai negoziatzailean aztertzea. Errealitatea urardotzeko estrategia da mahai horren eraketa nahia, egoera xehetasunean aztertzea zailtzen duelako eta langileen erantzuna oztopatzea helburu duelako. Arrazoi hauek aintzat hartuta egin du enpresak Estatu mailako negoziaketaren alde.

ELA kaleratzeen eta estatu mailako negoziazioaren aurka dago, hala jakinarazi dugu eta enpresaren nahiaren kontra langileak antolatzea da gure egitekoa. Ez gaude prest egoera koiuntural bat aprobetxatuz enplegua betiko suntsitzeko.

 

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.