2019-02-22 08:24
Otsailaren 8an DIA Supermerkatuen taldeak Enplegu Erregulazio Espedientearen prozedurari ekin zion. Honen aurrean, ELAk eta LABek Gipuzkoa eta Bizkaia ordezkaritzaren gehiengoa izanik, greba deitu dute otsailaren 27 eta 28an eta martxoaren 5ean; gainera, martxoaren 11tik aurrera greba mugagabea hasiko deituko dute DIA Supermerkatuetako enpleguaren eta lan-baldintzen alde.

ELAk eta LABen agiria:

DIAko langileek ez dute inolako ardurarik taldearen akzio eta finantzek duten egoerarekiko; arazoen jatorria izan dira zuzendaritza talde ezberdinen ez egitekoak. Azken hiletan mobilizazio eta greba ugari egin dugu, prekarietatea amaitzea eta plantilla handitzea eskatuz. DIAren etorkizuna bermatzeko kudeaketa eta zerbitzu hobea behar da; horrek eskatzen ditu langile gehiago eta lan baldintza hobeak.

DIAko denden errealitatea Euskal Herrian analizatzeko beste ikuspuntu bat behar da. Errealitate sindikala ere ezberdina da; ELA eta LAB gehiengo sindikala gara. Horregatik, eskatzen dugu berton analiza eta negozia daitezela krisi honetara eraman duten arrazoiak, harik eta irtenbiderik egokiena erabaki ahal dadin. Hau demokratikoa ez ezik DIAko langileen aldeko defentsarik hoberena litzateke. Madrildik sekula ez da ezer onik etorri; hor dago aplikatzen diguten hitzarmen negargarria.

Euskal Herrian ordezkaritzan nagusi izanagatik ere, inork ez du guregana jo negoziazio-mahaia eratzeko. ELA, LAB, Galizako CIG eta Aragoiko OSTA sindikatuok jakinarazi diegu zuzendaritzari, baita FETICO, CCOO eta UGT sindikatuei, mahai horretan parte hartzeko eskubidea zor zaigula. Haatik, oraindik ez dute erantzun. Informazio ofizialik ez dago, baina sindikatu horiek zabaldu dute ostiral honetan eratuko dela negoziazio-mahaia.

Horregatik, ELAk eta LABek gehiengoa dugun espedienteak eragindako lurraldeetan (Bizkaia eta Gipuzkoa) greba deitu dugu otsailaren 27 eta 28an eta martxoaren 5ean; gainera, martxoaren 11tik aurrera greba mugagabea hasiko dugu DIA Supermerkatuetako enpleguaren eta lan-baldintzen alde.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.