2018-07-27 11:45
ELAk salatu behar du Araban aukera ona galdu dela hoteletan gertatzen den prekaritate areagotuari aurre egiteko. Gipuzkoa eta Bizkaian, aldiz, langile esternalizatuen enplegua egonkorra izango dela bermatzeko klausulak sartu ditu sindikatuak. Arabako lan hitzarmena UGT eta CCOO sindkatuek sinatu dute eta ELA aurka azaldu da.

Mari Kruz Elkoro eta Ruben Espino, Zerbitzu federazioko idazkari nagusia eta arduradunak hiru lurraldeetako lan hitzarmen berri eman dute Gasteizen.

EAE mailako ostalaritzan aurtengo maiatzean 50.413 pertsona ari zen lanean; 7.240 Araban, 25.049 Bizkaian eta 18.124 Gipuzkoan. Soldata eskaxak eta amaigabeko lanaldiak ohikoak dira emakumeon artean. Emakumeok esklabotasun baldintzetan egiten dute lan hoteletan; soldatak 600 euro ingurukoak dira, urtean 1.800 ordu lan eginez edota garbitzen duten gela bakoitzeko 2,5 euro kobratuz.

Zerbitzuak esternalizatzeko joera enpresen estrategia da. Hostelco hoteletako patronalaren txosten batean argi eta garbi adierazten da euren asmoa zein den: Epe laburrean hoteletako langileen %60tik gora esternalizatzea. Baina nola? Lan-baldintzak eta soldatak gero eta gehiago higatuz, ia esklabotasunaren mugara iritsi arte.

Negoziazio kolektiboa, lan hitzarmenak, dira sektore bakoitzean aplikatuko diren lan baldintzak arautzeko tresna. ELAren iritziz lan hitzarmenak errealitate berriei egokitu behar zaizkie. Gure plataformak horren arabera taxutzen ditugu. Arabako ostalaritzako lan hitzarmena negoziatzen duen gehiengo sindikalak eragiten du arazo hau iraunaraztea. Duela gutxi sinatutako Arabako hitzarmenak hala erakutsi du: egoera horri muzin egiten zaio, eta gertatzen ari dena geldiarazteko ez da inolako neurri efektiborik jasotzen.

ELAk salatu behar du Araban aukera ona galdu dela hoteletan gertatzen den prekaritate areagotuari aurre egiteko. Aski ezaguna da langileen zati handi batek pairatzen duen esplotazioa; gehienak emakumeak dira, eta gelak garbitzen dihardute (“las kellys” izena hartu dute).

ELAren helburua prekaritatearen aurkako borroka da. Baina borroka hau ezin da eslogan hutsa izan; negoziazio mahaietan gauzatu behar da, eduki oso konkretuak jasoz. Horregatik, duela gutxi Gipuzkoako ostatuetako hitzarmenak -ELAk gehiengo absolutua du- edota Bizkaikoak -non %47 duen- agerian uzten dute hori: hoteletako gelak garbitzen dituzten ehundaka emakumeek jasaten duten esplotazioa amaiarazteko klausula berritzaileak jaso dira. Langile esternalizatuen enplegua egonkorra izango dela bermatzeko klausulak sartu ditugu, eta gutxienik ostalaritzako lan-hitzarmenetako baldintzak aplikatuko dela. Estatuan lehenengo aldiz arautu da horrelako zerbait; horregatik “kellyek”, zeintzuk sektore horretan lan egiten duten, txalotu egin dute, baita eredu gisa aipatu ere.

Esternalizazioa arautzeko klausularik gabe litekeena da sinatzen diren hitzarmenak sektoreko ia langile bati ere ez aplikatzea, izatez inaplikazioa ezarriko baita.

Bestalde, Bizkaiko eta Gipuzkoako hitzarmenetako eremu funtzionalean etxebizitza turistikoak ere sartu dira; hauek izugarrizko hazkundea ari dira izaten, eta ezinbestekoa da ostalaritzako hitzarmenetan arautzea. Haatik, gai hau ere ez da aintzat hartu Arabako hitzarmenean.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.