2019-04-29 16:29
Elorrioko eraikin, eskola eta lokal publikoen garbikuntza-zerbitzua eskaintzen duten emakume langileek greba mugagabea hasi dute. Kolektiboaren aldarrikapenen artean honako hauek daude: azken urteotan jasandako murrizketekin amaitzea; langileen lan-kargetan hobekuntzak; eta kale-garbikuntzako langileekiko jasaten duten soldata arrakala ezabatzea. Arrakala hau %80koa da Elorrion gaur egun. Zerbitzua azpikontratatuta dago gaur egun eta EULEN enpresak dauka esleipena. Garbikuntzako emakumeek hilabeteak daramatzate bai enpresa eta bai Udalarekin elkarrizketetan, baina ez dute momentuz inolako eskaintza ekonomiko edo sozialik jaso eta gatazkak, ondorioz, aurrera dirau.

Kale-garbikuntzan langileen %80a gizonezkoak dira; eraikin eta lokalen garbikuntzan, ordea, %95 dira emakumeak. Are gehiago, Elorrioko udalerrian, hain zuzen, gizonezko bakarra dago zerbitzuan.

Elorrioko Udalak aukera ezinhobea du praktikan jartzeko berdintasunaren alde egiten duen diskurtso politikoa. Egungo legeriak administrazio publikoei aukera ematen die kontratazio publikoan diskriminazioei aurre egiteko, generokoak barne, gizarte-klausulen bidez . Beraz, eraikin eta lokalen garbikuntza zerbitzuan publikatuko diren baldintza-orriek badute legearen babesa soldata-arrakala ezabatzeko helburua duten neurriak jasotzeko.

Emakume garbitzaileek elkarretaratzeak egingo dituzte egunero, udaletxearen, eskolan eta beste zenbait eraikin publikotan; hainbat ekintza informatibo ere antolatuko dira, Elorrioko herritar guztiei zuzendutakoak.

Azken buruan, langile grebalariek mobilizazio hauen bidez exijitzen dute benetan inplikatu daitezela Elorrioko Udala, batetik, eta Eulen, bestetik, garbikuntzako sektorean duintasuna eta soldata-berdintsasuna lor dadin.

 

 

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.