2020-02-03 17:18
ELA eta LABen ustez urtarrilaren 30eko Greba Orokorrean langileek ozen adierazi zuten patronal eta gobernuen aldetik nahi duten erantzuna. Biharko Elkarrizketa Sozialeko Mahaiak ez die erantzungo grebara eraman gaituzten aldarrikapen bati ere ez, ezta Eusko Jaurlaritza eta CONFEBASKen esku dauden eskuduntzetan ere. Biharko bileraren helburu bakarra langileen aldarrikapenei entzungor egiten dieten eragile guztiek beren burua zuritzea izango da. Langileek argi hitz egin zuten greba orokorraren egunean, mobilizazioekin masiboki bat eginez, eta horrek argi uzten du langileen aldeko neurri eraginkorrak behar direla, grebaren aldarrikapen taulan jasotzen den moduan. Greba orokorreko aldarrikapen taulako neurriak aplikatzen hasi ezean, ELA eta LABek ez dute EAEko Elkarrizketa Sozialaren Mahaian parterik hartuko.

Biharko bilerarako deialdia bera lan, bizi eta pentsio duinen aldeko greba orokorraren bezperan jaso izana probokazio hutsa da, bat egiten duena Jaurlaritzak daraman langileak eta euren ordezkaritza mespretxuz tratatzeko ildoarekin. Era berean, bilera ELAk eta LABek Chivite Lehendakariarekin bilera duten egun berean ezarri izanak oso argi erakusten du deitzaileek Urkullu Lehendakariaren jarrera harroputza ezkutatzea besterik ez dutela nahi, honek ELA eta LABekin biltzeari uko egin baitio.

ELAk eta LABek gaineratu dute, mahai guztiz antidemokratikoa dela Elkarrizketa Sozialarena, gutxiengo sindikalarekin jarri zena martxan, eta gainera, guztiz edukirik gabekoa eta antzua da. Mahai horren funtzionamenduaren arabera %10eko ordezkaritza duen sindikatuarekin akordioa nahikoa da langileon ordezkaritza osoaren zilegitasuna izateko, hau da, patronalak beto eskubidea duen bitartean langileon ordezkaritza manipulagarria da akordio irudia emateko. Mahai honek ez du langileentzako inolako akordiorik lortu, martxan jarri zenetik, eta ez du ezer egin nahi izan langileen baldintzak hobetzeko.

Egungo baldintzetan, Elkarrizketa Sozialeko Mahaia iruzur hutsa da. Lehenik eta behin, ez duelako langileen egoera kontutan hartzen. Eta bigarrenik, ez duelako ezer egin nahi langileen baldintzak hobetzeko. Mahai honek beste helburu bi ditu, zehatzak, Confebasken planak garatzen jarraitzearena, lan-zentroetan prekarietatea hedatzen jarraitzearena eta Urkulluren politika neoliberalak zuritzea. Hori gutxi balitz esan beharra dago mahai antidemokratikoa dela, ez duelako kontutan hartzen langileek ordezkaritza sindikala. Gehiengo sindikala baztertu egiten gaituzte eta gutxiengo sindikalarekin lortu nahi dituzte adostasunak. Eta hau zergatik? Gutxiengo sindikala osatzen duten sindikatuek sindikalismo otzana praktikatzen dutelako eta askoz errazagoa delako hauekin akordioak lortzea prekarietatea zabaltzen jarraitzeko eta politika neoliberalak zuritzeko.

Hauek guztiak Elkarrizketa Sozialaren defendatzaile sutsuak dira, baina, hori bai, edukirik gabeko Elkarrizketa Sozial bat defendatzen dute; denbora pasatzeko Elkarrizketa Sozial bat; patronalaren politikak legitimatzeko Elkarrizketa Soziala, non sindikatu batzuek uko egiten dioten borrokari.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.