ARGIA.eus

2019ko apirilaren 21a

Eragileen plaza!

SORTU KONTUA
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.
2019-02-08 10:30
Urtarrilaren 15ean Eusko Jaurlaritzak EAEko Elkarrizketa Sozialeko Mahaia sortzeko Dekretua onartu zuen. Edukiak ez du berritasun handirik ekarri uztailean gobernuak ezagutzera eman zuen dekretu zirriborroarekiko. Otsailaren 11ean lehenengo bilera ospatuko du eta sindikatu nagusia ez da izango bertan.

Eusko Jaurlaritzak ez du interesik izan ELArekin hitz egiteko. Zirriborroa egin aurretik eta ondoren -balorazioa Lakuara igorri genuen- gobernuak ez du asmorik izan gure sindikatuarekin proiektuari buruzko ezer partekatzeko. Ez da normala jendarte demokratiko batean gobernuak elkarrizketa soziala arautu nahi izatea eta hartara %40tik gorako ordezkaritza duen sindikatuaren iritziari muzin egitea. Ez da normala, ez eta onargarria ere, ikuspuntu demokratikotik.

Elkarrizketa sozialak ez du mamirik. Dekretuak Elkarrizketa Sozialeko Mahaiari ematen dizkion eginkizunak hutsalak dira. Hain zuzen, Arantza Tapia sailburuak Mahaiaren garrantzia hutsaren hurrengoa dela agerian utzi du Berria egunkarian otsailaren 3an argitaratutako elkarrizketan. Bertan...

Halaber, zirriborroari buruzko iritzia ematerakoan esan genuen azken urteetan garatu den elkarrizketa sozialaren ustezko lorpenak aipatzen direnean (orain dekretu bidez erakundetu nahi den elkarrizketarenak, alegia) mugarri gisa saltzen ditu inongo muntarik ez duten egitateak (bilerak egitea). Gainera, iritsitako akordioen artean bakarra aipatzen du, 2016ko uztailaren 22koa (zeinetan Jaurlaritzak babesa eman zien negoziazio kolektiboan gutxiengoan sinatzen diren akordioei). ELAk egiaztatu du Elkarrizketa Sozialeko Mahaian parte hartu dutenak ez direla gauza emaitza positiboa izan duen akordio bat ere gogoratzeko. Gainera, patronalak eta Eusko Jaurlaritzak blokeatu egiten dute negoziazioa lan prekarioa desagerrarazteko ahalegina zapuzteko.

Jaurlaritzak politika neoliberalak aplikatzen ditu, patronalarekin adostuta gainera. Eusko Jaurlaritzak gastu araua bere egitea erabaki du. Horregatik, onartu egiten du lehentasuna duela zorraren ordainak, edota gero eta aberastasunaren zati gero eta murritzagoa bideratzea zerbitzu publikoetara (osasuna, hezkuntza edota gizarte-zerbitzuak), zein gizarte babesera. Halaber, alde bakarreko erabakiz aplikatu ditu gizarte-prestazioen murrizketak (DSBEaren zenbatekoa 2008ko legea aplikatuz gero ordaindu beharko litzatekeena baino %30 apalagoa da). Fiskalitatea nahieran baliatu du: 2018ko aurrekontuak aurrera ateratzeko PPrekin Sozietateen Zerga jaistea hitzartzea posible izan zen; haatik, 2019koak negoziatzeko zergak tabu bihurtu ziren.

Gobernu honek mespretxuz jokatzen du herritarren borondatea eta demokrazia parte-hartzailearekiko (ukatu egin du herritar ekimen legegileak eztabaidatzeko eskubidea bera ere, esaterako Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak pobreziaren eta gizarte-bazterkeriaren aurka bultzatu duena, zeina babestu zuten 51.000 sinadurak zakarrontzira bota baitzituzten otsailaren 7ko Legebiltzarreko bilkuran). Herritarrei horrelako gutxiespena adierazi eta egun gutxira Elkarrizketa Sozialeko Mahaia eratzeak lotsarazi egin beharko lituzke bertan parte hartzen duten sindikatuak, gobernuak erabili egiten baititu bere politika antisoziala eta jokabide antidemokratikoa makillatzeko.

Dekretuak joko-arau antidemokratikoak ezartzen ditu eta muzin egiten dio eremu sindikaleko gehiengoari. Dekretuaren 10. artikuluak, zeinak akordioak hartzeko era arautzen duen, esaten du ?Mahaiak, oro har, erabakiak hartuko ditu, Mahaia osatzen duten alderdiak aho batez ados jartzen badira?. Alabaina, hori esan eta honako puntua eransten du: ?edonola ere, erabaki-proposamen baten alde daudenean Jaurlaritzaren ordezkariak eta Mahaiko kide den enpresa-erakundearen ordezkariak eta sindikatu bateko edo batzuetako aldeko botoa daukanean proposamen horrek, Elkarrizketa Sozialaren Mahaiaren azken erabaki gisa dokumentatu ahal izango da?. Hau da, aski da sindikatu bat ados egotea Mahaiaren akordioei balioa emateko; alderdi sindikaleko gutxiengo absolutua nahikoa da akordioa aurrera ateratzeko (esaterako, UGTren ordezkaritza ez da %11ra iristen). ELAk gogoratu nahi dio Jaurlaritzari ez dagoela beste eremurik -esaterako, politikoa- non antzeko ezer planteatzen den. Inongo eremutan ez da gutxiesten, dekretu honetan bezala, antolakundeen ordezkaritza euskal sindikalismoarekin egiten den bezala.

ELAk dekretu honen ardura Lehendakariari egozten dio. Gobernu demokratiko baten zilegitasun demokratikoak ez dio ahalmenik ematen hau bezain egitasmo antidemokratiko eta autoritarioak egiteko. (Jendarte demokratiko batean gobernua osatzeko legitimitateak ez du halako aukerarik ematen). Demokrazia baten taxua neurtzeko modu bat da ikustea gobernuek zer nolako harremana duten beren politikarekin bat ez datozen erakundeekin. Hain zuzen, aski da ikustea Urkulluren gobernuak nola jokatzen duen: euskal sindikalismoaren errealitatea mespretxuz hartzen du. Dekretu hau beste urrats bat da hauteskunde sindikalen emaitza demokratikoei balioa kentzeko ahaleginean, aurre egiten duen sindikalismoa baztertuz.

Joko-arau demokratikoak urratzeko erabakia bat dator gobernuaren erabakiarekin: politika neoliberalak aplikatzen jarraitzea, eta horretarako gainera laguntza sindikala nahi du. Horixe da Jaurlaritzak nahiko lukeen Euskal Markoa, sindikalismo borrokalaria indargabetzeko. Haatik, hauteskunde sindikalen emaitzek gero eta nabarmenago uzten dute agerian gobernuaren estrategia.

Horrenbestez, argi dago ELAk ez duela Mahai horretan parte hartuko.

 

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.