2018-07-06 12:31
Orain dela gutxi sententzia bat irabazi dio ELAk Osakidetzari. Epaian aitortu denez, Osakidetzako 7.000 langilek ez zuten nominan jaso zegokien soldata-osagarria, jasotzeko eskubidea izan arren. Hori gutxi balitz bezala, Osakidetzak soldata-eskala bikoitza sortu du bere langileen artean: batetik, lanbide-garapenera sartzea eta hori kobratzea izan dutenak; eta, bestetik, merezimendu berdinak eduki arren, deialdian parte hartzerik izan gabe kobratzen ez dutenak, edo dagokiena baino gutxiago kobratzen dutenak. ELAk zorrak kitatzeko eskatzen dio Osakidetzari.

ELA eta ESK sindikatuek aldarrikapen hauen aldeko elkarretaratzeak egin dituzte Gurutzeta, Txagorritxu eta Zumarragako ospitaleen atarian eta honako hau eskatu dute berriro ere:

1.- Epaiaren eraginpeko langileei zor zaizkien diru-kopuruak berehala ordaintzea; baita deialdi-ezagatik kalteturik gertatu diren gainerako langileei ere. Hortaz, gaur egun dagoen soldata-eskala bikoitzarekin amaitzea eskatu da. Ordainketa horiek egin behar zaizkie, langile guzti horiei, atzerakinekin. Ez dugu murrizketarik onartuko.

2.- Lanbide Garapenaren eredu berri bat negoziatzeko eskatzen dugu, irizpide objektiboen arabera eta diskriminaziorik gabe; oraingoa ez bezalako beste eredu bat adostu nahi dugu. Hasieratik agertu genuen gure desadostasuna oraingo ereduarekin, eta berau ordezkatzeko aukerak proposatu genituen.

 

 

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.