2018-05-25 10:34
Agerraldi publikoa egin zuen LABek maiatzaren 7an, maiatzaren 30erako bi orduko lanuzte baten deialdiaren berri emateko. Negoziazio kolektiboko arduradun den Pello Igeregik Landeiaren elkarrizketa honetan atzaltzen duenez, LABeko inor ez da jarri harremanetan ELArekin deialdiaz hitz egiteko.

Zer deritzozu LABen deialdiari?

ELAk ez du jaso horri buruzko inongo jakinarazpenik. Komunikabideetan irakurri duguna, besterik ez dakigu. 2009az geroztik, sei greba orokor deialdi egin ditugu kapitalaren erasoari aurre egiteko. Egia da ELA izan dela beti deialdia horien bultzatzailea, baina sekula ez zitzaigun bururatu ere egin LABek iragarri duen alde bakarreko pauso hori ematea.

Protagonismoa lortzea da deialdiaren helburua, nire ustean, eta ihes egiten dio ELAk eta LABek enpresetan eta sektoreetan negoziazio kolektiboaz eta prekarietateaz egin behar duten eztabaidari. ELAren iritziz, horrelako deialdi batek helburu bateratuak adostu behar ditu enpresa eta sektoreetan. Gaur egun, ordea, ez gatoz bat horretan bi sindikatuok, ikuspegi desberdinak baititugu aldarrikapenei eta grebari eman behar zaien balioaz. Hori dela eta, gure arteko desberdintasunak konpondu beharrean areagotu egin da elkarrekiko lehia. Tamalgarria da.

Adibideren bat aipatuko al zeniguke?

Hona hemen azkenaldi honetako zenbait adibide: LABen ezezkoa Bizkaiko zaharren egoitzetako langileen greban parte hartzeari; hezkuntzako greba-deialdietan LABek sustatutako desmobilizazioa…

ELAren ustez, mobilizazio orokorrak enpresa edo sektore bakoitzeko ekintza sindikal zehatzekin lotuta egin behar dira. Hilaren 30eko lanuzte partzialen deialdiak ez du hori aintzat hartzen; batere eraginkortasunik gabeko deialdia da, estetika hutsa.

Benetako eztabaidei ekin behar zaiela diozu…

Enpresetan eta sektoreetan egin behar zaio aurre prekarietateari, eta mobilizazio orokorrek lantokietako dinamiken laguntzaile izan behar dute. Negoziazio kolektiboaren estatalizazioaren aurka jarduteko, LABekin ados jarri beharra daukagu, baina, zoritxarrez, ez dugu lortu. Hor dugu, adibidez, FEADRS patronalaren lanbide arteko akordioaren inpugnazioa. Gure ustean, estatalizazioari aurre egiteko estatu-mailako hitzarmenek eragiten dieten enpresetan egin behar da borroka. Horrela lortu dugu lanbide arteko hitzarmenaren inpugnazioa geldiaraztea, enpresa horietan greba-deialdia eginez.  LABek ez zuen nahi izan greba-deialdirik egin enpresa horietan.

ELAk eta LABek badute elkarrekin zer eztabaidatua eta zer argitua . Hori dela eta, gure gogoetan jasotzen dituen dokumentu bat bidali genien apirilaren 18an. Ez genuen espero, baina, erantzuna alde bakarreko deialdi hori izatea.

LABekin batera bultzatu nahi ditugu mobilizazio orokorrak, eta lan-plan zehatz bat jorratu enpresa eta sektoreetarako, prekarietatearen aurkako borrokari lehentasuna emanez. Funtsezkoa da ELArentzat azkeneko puntu hori, prekarietatearena alegia, baina LABen deialdiak ez du aipatzen. Horregatik, ez dugu bat egiten deialdiarekin. Bien bitartean, borroka hori enpresetan eta sektoreetan eramango dugu aurrera, beti bezala.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.