2020-04-01 14:28
Ez ohiko egoera honetan, Nafarroako Gobernuak hezkuntzako beharrezko ordezkapenak ez egitea erabaki du, ikasleen hezkuntza eskubidea urratuz eta irakasleen lan baldintzak okertuz

ELAk gogora ekarri duenez, Covid-19aren krisia hasi zenetik, irakasleen lana ez da eten, telelanaren bitartez ari dira egunerokoan euren lanketa modu eredugarrian gauzatzen. Azpimarratu duenez, irakasleak ahalegin handia egiten ari dira klaseen jarraikortasuna ziurtatzeko, egoera berrietara egokitzeko lanorduak gehituz eta hezkuntzaren zerbitzura giza baliabideak eta baliabide materialak jarriz. “Esan liteke, gainera, lan zama bikoiztu egin zaiela klaseak modu horretan eman behar izateagatik”.

Hori hala izanik ere, Hezkuntza Departamentuak eten egin ditu ordezkapenetarako deialdiak, eta bi egoeratan soilik betetzen ditu ordezkapenak: aurreko kontratuaren luzapena direnean edo zuzendaritzek ezinbestekotzat jotzen dutenean. “Baina egungo ordezkapen premiak gero eta larriagoak dira, ohiko premiei beste batzuk gehitu zaizkielako, batetik hainbat irakaslek `nahitaezko eginbeharrak´ betetzeko baimena eskatu behar izan dute ikastetxeak edo zaharren egoitzak ixtearen ondorioz eta bestetik, pandemia dela eta zenbait irakasle aldi baterako ezintasun egoeran daude”, salatu du sindikatuak.

Krisiari aurre egiteko erabateko prestutasuna eta lankidetza borondatea agertu du ELAk, are gehiago, hain funtsezkoa den esparru honetan. Baina guztiz onartezina iruditzen zaio ordezkapenak normaltasunez ez betetzea. “Urratu egiten du ikasleen hezkuntza eskubidea, izugarri zamatzen ditu etxetik lanean diharduten irakasleak eta behin-behineko langileak gehiago kaltetzen ditu”, laburbildu du.

Gauzak horrela, Hezkuntza Departamentuari lehenbailehen ordezkapenak normaltasunez betetzen hastea eskatu dio, horretarako behar diren baliabideak bideratuz.

 

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.