2019-11-21 17:52
ELAren ustez oso larria da Eusko Legebiltzarrak EH-Bilduren lege-proposamenari uko egin izana. Izan ere, enplegu publikoa sendotuko lukeen Legea izapedetzeko lehen urratsa izan behar zuen Lege Proposamen honek. Podemosek alde bozkatu du, baina EAJ-PNVk, PSEk eta PPk kontra. Bien bitartean, Eusko Legebiltzarrean izapidetzen ari den Euskal Enplegu Publikoaren Legean, bi xedapen iragankorretan (19 eta 20) garatzen da enplegu publikoaren finkapena, baina oso eskasak dira, ez baitiete egonkortasuna bermatuko milaka langileri.

ELAren esanetan, enplegu publikoaren egoera beldurgarria da gurean, Estatu osoko behin-behinekotasun tasarik handiena baitago berton. EAEko esparru publikoko 40.000tik gora langile behin-behinekoak dira. Osakidetzan, adibidez, 16.000 langile behin-behinekoak dira, eta Hezkuntzan 10.000tik gora irakasle.

Datu horiek oso argigarriak dira; izan ere, Eusko Jaurlaritzak apustu garbia egin du enplegu publiko prekarioaren alde, zerbitzu publikoa pribatizatzeko lehen urrats gisa. Bestalde, EAEn badaude ia 100.000 langile azpikontratatuta oinarrizko zerbitzu publikoak bermatzeko.

 

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.