2020-10-21 12:19
Pandemiak kinka larrian jarri du Osakidetza eta frogatu du lehen mailako osasun-arretako profesionalek pandemiaren aurretik egiten zituzten aldarrikapenak justifikatuta ez ezik, nahikoak ere ez zirela. Testuinguru honetan, ELAk herritarrek aurrez aurreko arreta jasotzeko eskubidea aldarrikatzen du, eta baita beren patologien diagnostikoa eta tratamendua ez atzeratzeko eskubidea ere

Covid-19 pandemia baino lehenagotik ere Lehen Mailako Osasun Arretan (LMA) eskaera batzuk aldarrikatzen ari ziren, gizartearentzako arreta-mailari eutsi ahal izateko. Eta horregatik langileek hiru greba-egun egin zituzten 2019an. Eskaera haien puntu nagusiak inbertsiorik eza eta murrizketak dira; batez ere, irisgarritasunari, zerbitzu-eskaintzari eta profesional-eskasiari dagokienez. Hori dela-eta, Osakidetzak lantalde bat sortu zuen, LMAren iraunkortasunaren estrategia hedatzeko. ELAk beti adierazi du estrategia horren ikusmoldea ez dela zuzena eta ez dela nahikoa, ez baitzuen sakontzen LMAren arazo nagusian: azken hamarkadetako inbertsio-gabezia. Giza eta gauza baliabideak falta ziren, eta batez ere apustu garbi bat falta zen, hau da, LMAren izaera nagusia berreskuratzearen aldeko apustua; hala da, LMAren izaera, funtsean, osasun-sistemara sartzeko atea izatean datza.

LMA irisgarria izan behar da, sarbide errazekoa, eta zerbitzu-eskaintza egokia eman behar du, patologia anitzeko gaixoak, kalteberak edo bizitza-etapa jakinetan daudenak behar bezala artatzeko. Plantillaren tamaina biztanleriaren beharrizanen araberakoa izan behar da, eta "benetako" estrategia bat zabaldu, profesional bakoitzak bere ardurapeko atazak garatu ahal ditzan lankide baten atazetan sartu gabe.

ELAk salatzen duenez, Covid-19ren pandemiaren aurretik eta bitartean Osakidetzak erakutsi duen geldotasuna ikusita agerian geratu da ez zegoela aurreikuspenik, ezta LMAren alde egiteko benetako borondaterik ere. Egoera horretan, non herritarrek osasun-arazo larriak pairatu behar dituzten, Osakidetzak LMAko ateak itxi dizkie erabiltzaileei, eta gehienetan utzi dien aukera bakarra telefono bidez jotzea izan da.

LMAko medikuek egunean 60-80 dei erantzuten dituzte. Hortaz, garai honetan ezin dute aurrez aurre artatu. Telemedikuntza lagungarria izan behar da, baina ez da betiko geratu behar. LMAko medikuek erabiltzaileak ikusi behar dituzte, auskultatu, fisikoki miatu behar dituzte... Dena ezin da telefonoz egin, ezta argazki baten bidez ere. Orain erizainei leporatu dizkiete gripe-txertoak, gaixo kronikoen arreta atzeraezina, eta aztarnari-lanak, beste hainbaten artean. Administrari-laguntzaileak beti ibili dira jo eta ke zereginetan. Langile horiek egunero ireki eta itxi egiten dituzte osasun-zentroak. Eskari-oldeak gainezka egin eta azpian harrapatu ditu, eta hura kudeatu ezinik dabiltza.

Egoera horretan, Covid-19aren kudeaketarako, lan-figura berri bat sortu da: kasuen aztarnaria. Ataza horiek egiten dituzten langileek ez dute profil profesionalik, ezta lantoki-jatorri homogeneorik ere. Hala ere, denek dute eginkizun berdina, ez ordea ordainsari berdina. Soldata-arrakala bat dago, batez ere osagarriek eta guardiek eragindakoa, eta kategoria guztiek ez dituzte osagarri horiek jasotzen, lan-ordutegi berdina izan arren. Horri zera gehitu behar zaio: kasu askotan, lehenago aztarnari-lanak LMAko zentroetan ziharduten profesionalek egiten zituzten, eta zeregin horietan ez dira ordeztuak izan; hori dela-eta presio handiagoa, balego, jasan behar dute osasun zentroetan.

Gertaera horiek hain agerikoak izanik, ezin du inork ukatu Osakidetzak LMArekin eraiki zuen karta-gaztelua erori denik. ELAk ziurtatu duenez, ezta jasangarritasunaren estrategia hedatuta ere, ezingo zukeen zutik iraun. Osasun-profesionalak egunero joan dira beren lantokietara, hasieran beldurrez, gero norberaren babes-ekipamendurik gabe eta gaur antsietateak jota. Salatu behar dugu, gainera, Osakidetza pandemiaren aitzakiaz baliatzen ari dela baliabideak ixteko edo murrizteko, PACekin gertatzen ari den bezala, adibidez.

ELAk LMArako plan bat premiaz ezartzeko eskatu dio Osakidetzari. Benetako inbertsioa egin behar da baliabideetan, profesionalek baldintza duinetan â€'fisikoak eta emozionalakâ€' lan egitea izan dezaten. Bestalde, herritarrek aurrez aurreko arreta jasotzeko eskubidea, eta baita beren patologien diagnostikoa eta tratamendua ez atzeratzeko eskubidea ere, aldarrikatzen dugu.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.