2018-10-01 15:33
ELAren iritziz Iruñako gerrako hilen oroitarria eraistea aukerarik onena da errepresio frankistaren milaka biktimari zor zaien begiruneagatik; eta aukera bakarra, Memoria Historikoari buruzko legeak benetan bete nahi badira. Aipatu beharrekoa da, batetik, multzo arkitektoniko hori Nafarroako Gobernuak 2016an prestaturiko frankismo-ikurren zerrendan agertzen dela, eta zerrenda horretan agertzen diren 224 atalak eraistea gomendatzen dela.

Bertzalde, oroitarriaren eraikuntza-ezaugarriak eta neurriak kontuan hartuz; ELAren irudiko, nekez birmoldatu ahal izanen da bertze erabilera batzuetara, Udalak antolaturiko ideia-lehiaketatik atera litezkeen egitasmoak gorabehera.

Edonola ere, gerran hildakoen oroitarri hori eraiki zutenetik orain arte 66 urte iragan dira, eta denbora horretan zehar jario zaion kutsua izugarria izan da, eta oso erroturik geratu da nafar guztien oroitzapenetan eta bizipenetan; beti ere frankismo, diktadura eta jazarpen politikoarekin halabeharrez lotua. Horregatik, ELArendako, erabaki politikorik zuzenena oroitarria eraistea izanen litzateke. Hala ere, hirigintza- eta administrazio-izapideak bideratu beharko dira ezinbertzez. Eta hala Foru Parlamentuak, nola Iruñako Udalak urrats politiko egokiak egin behar dituzte, eraiste horrek legezko berme guztiak bildu ditzan, eta benetako aukera bat izan dadin.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.