2020-05-25 11:38
Sidikatuak krisitik ateratzeko aurkeztu duen dokumentuak, besteak beste, honako neurri hauek planteatzen ditu: errenta handiei zerga gehiago jartzea (Sozietateetan %20ko errekargua, gehienez %60koa PFEZn); Administrazioaren azpikontratak publiko egitea eta Administrazioetako enplegu ez-finkoa finkatzea; LGSren gutxieneko diru-sarrera langabeentzat eta errenta bermatua jasotzen dutenentzat; eta banka publiko bat sortzea.

Imanol Pascual ELA-Nafarroako koordinatzaileak, Sonia Ontoria Gizalan-Zerbitzu Publikoetako arduradunak eta Azterketa Bulegoko kide Iñaki Zabaletak Nafarroako ekonomia suspertzeko proposamen zehatzak biltzen dituen dokumentua aurkeztu dute. Bertan, Nafarroako egungo egoera, Foru Gobernuak hartu dituen erabakiak eta, batez ere, ekonomia suspertzeko eta krisiari irtenbide justua emateko neurriak biltzen dira. ELAren proposamenak helburu argia dauka: oinarriak ezartzea egungo krisi sistemikoari emandako erantzunak herritarren beharrak asetu ditzan, eta 2008ko krisiaren ondoren aplikatutako politikak ez errepikatzea.

Dokumentuak, besteak beste, honako neurri hauek planteatzen ditu: errenta altuko zergak berrikustea sozietateetan %20ko errekargua ezarriz, Ondarearen Gaineko Zerga %1 eta %10 artean kokatzea, eta PFEZean %60ko gehieneko tasa berri bat ezartzea. Azpimarratu dutenez, lehen bi neurriak hartuta bakarrik 900 milioi euro gehiago jasoko lituzke Ogasunak. Hauek dira proposatutako beste neurri batzuk: azpikontrata publikoak publfikatzea eta Administrazioetako enplegu ez-finkoa finkatzea; LGSren gutxieneko diru-sarrera langabeentzat eta errenta bermatua jasotzen dutenentzat; eta banka publiko bat Nafarroarentzat.

Gobernuak aurkeztutako `Nafarroa Suspertu´ Planari dagokionez, ELAk ohartarazi ezinezkoa dela krisitik ateratzea fiskalitatea aldatu gabe. “Zoritxarrez, hori da plan ofizial honen azpimarragarriena: ez du aurrekonturik aurreikusten, eta ez du aipatzen proposatutako neurriak nola finantzatuko diren”, kexu da sindikatua.

Nolanahi ere, krisiari irtenbide justua emateko aurkeztutako proposamenak Nafarroako Gobernuaren esku daudela gogorarazi du ELAk, eta borondate politikoa baino ez dela behar aplikatzeko. Borondate hori mobilizazioaren bidez bultzatu behar dela uste du sindikatuak, “alde batera utzita langileriaren interesetarako zaharkituak eta alferrikakoak diren ereduak, hala nola, elkarrizketa soziala, horren helburu bakarra kideen biziraupen ekonomikoa ziurtatzea delako”.

Irakurri hemen dokumentu osoa

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.