2020-07-30 09:12
Neurriaren kostua langileek ordainduko dute, ez du enpleguari eustea bermatzen eta bakarrik hiru hilabeteetan ezarriko da ELAren proposamena, Nafarroako Gobernuak ere erantzun ez zuena, Sozietateen gaineko Zergaren errekargu baten bidez finantzatzen zen, eta enpleguari eustearen mende zegoen

ELAk uste du Nafarroako Gobernuak, CENek, UGTk eta CCOOk ERTEak osatzeko egindako akordioa ez dela nahikoa, ez duela enpleguari eustea bermatzen eta gainera langileen zergekin ordainduko dela. Akordioa hiru hilabeterako baino ez da (uztaila, abuztua eta iraila), urtean 20.000 eurotik gorako kotizazio-oinarria duten pertsona guztiak baztertzen ditu eta 150 euroko gehieneko zenbatekoa finkatzen du.

Alde horretatik, nabarmendu behar da ELAk ekainaren 1ean proposamen bat bidali ziola Nafarroako Gobernuari, enpresen etekinekin finantzatutako funts publiko bat sortzeko (Sozietateen gaineko Zergaren errekargua), beti ere enplegu osoari eustearen baldintzapean (aldi baterakoa barne) eta ERTEetan sartutako langileen soldatak osatuz ( % 100ekoa 1.200 eurotik beherako soldatetan, % 90ekoa 1.200 eta 1.500 artekoa; eta % 80koa goragokoentzat).

Tamalez, Nafarroako Gobernuak ELAren proposamenari erantzun ere ez dio egin, eta Elkarrizketa Sozialaren Kontseiluaren bidea aukeratu du. ELAren iritziz, akordio horrek agerian uzten ditu elkarrizketa sozialaren mugak, historikoki UGT, CCOO eta patronala finantzatzeko bakarrik balio izan duen egitura, eta, gainera, testuinguru horretan UGTk eta CCOOk ez dute Nafarroako langileen % 50 ere ordezkatzen. Elkarrizketa Sozialeko sistema hori, azken akordio honetan frogatu den bezala, patronalaren neurrira egina dago, bere interesei kalte egiten dien edozein akordiori betoa jartzeko aukera ematen baitio, eta azkenean Gobernuaren politika antisozialak legitimatzen dituen tresna bihurtzen da.

Hori guztia dela eta, ELAk dei egiten die Nafarroako Gobernuari eta parlamentu-talde guztiei ez jarraitzeko sakontzen gizarte-deskreditazioaren bide horretan, eta, horretarako, beharrezkoa da Elkarrizketa Sozialerako Kontseilua indargabetzea. Sindikatuak premiazko neurriak hartu behar direla azpimarratu du, besteak beste, larrialdi sozialari eta enpleguaren babesari aurre egiteko erreforma fiskala, eta akordioak lortzeko prest agertu da, benetako edukietan oinarritutako negoziazio inklusiboago baten bidez.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.