2018-07-27 12:52
ELAren iritziz Unai Rementeria Bizkaiko diputatu nagusiak joan den ostegunez egindako adierazpenak -Bizkaian Borondatezko Gizarte-Aurreikuspeneko Erakundeak (BGAE) hedatzera deitu zuen- arinkeria eta propaganda ekitaldi bat izan dira. Benetan hitz egiteko asmoa badu, zuzenean ezagutu beharko luke eragindako eragile bakoitzak halako proposamenei buruz duen iritzia. Haatik, inork ez du jo ELArengana bere iritziaren berri izateko.

Horrenbestez, ELAk honakoa gogorarazi nahi dio Bizkaiko diputatu nagusiari:

1. Negoziazio kolektiboari esker EAEn enpleguko zenbait BGAE garatu da, baina bi lan erreformek hura erabat baldintzatu dute (lehenengoa EAJren abstentzioa medio atera zen aurrera). Erreforma horiek patronalari pribilegiozko kokapena eman diote, eta patronalak hori baliatzen du soldatak higatzeko.

2. ELAren lehentasuna pentsio publikoak dira; bada, pentsioak ordaintzeko ez legoke arazorik soldatak eta enpleguak duinak balira, zerga-sistema bidezkoa balitz, eta Europar Batasuneko batez besteko mailarekin parekatzeko beste diru bilduko balu. Soldatei eta enpleguari dagokienez, nabarmendu beharra dago Bizkaiko Aldundiak -beste instituzio batzuk bezala- azpikontratazioak beherantz lizitatzen dituela, hots, eskaintza merkeenari esleituz, eta horrek lan-baldintza miserableak eragiten dituela. Argi dago egoera horretan daudenentzat lehentasuna ez dela BGAE bat izatea “etorkizun ezezaguna”ri aurre egiteko, baizik eta hilabetea duintasunez amaitu ahal izatea. Eta zerga-politikan, berriz, Rementeria jauna aitzindari da errenta altuei, enpresei eta kapitalari gero eta gutxiago ordainarazteko joeran. Hain zuzen, gizarte-prestazioak -horien artean pentsioak- behar bezala finantzatzeko helburutik urruntzen duen bide okerra.

3. BGAEei buruzko eztabaida ez da baliatu behar alderdien ardura ezkutatzeko, hartu izan dituzten erabakietan edo epe laburrean hartuko dituztenetan.

4. Gainera, ELA ez dator bat Bizkaiko Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak gizarte-aurreikuspenari ematen dioten kutsuarekin, hau da, aurrezki fiskalerako tresna hutsa bilakatzearekin. Aurreikuspen sistemaren xedea zerga gutxiago ordaintzea bada injustua da, kohesio sozialari erasaten diolako eta soilik pertsona batzuren onerako delako, errenta soberakina dutenentzat, hots, errentagarritasuna eta zerga gutxiago ordaintzea helburu duten klase altuentzat.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.