2020-06-08 12:08
Aldi baterako enplegu erregulazio espedienteak osa daitezke funts publiko horretara Sozietateen Zerga bidez bildutako diruaren %25 bideratuz ELAk dio Eusko Jaurlaritza oinarrizko sektoreetan akziodun gisa sartu eta eredu produktiboaren aldaketa sustatzeak 2.300 milioiko kostua izango duela.

 

ELAk Eusko Jaurlaritzari berehalako erreakzioa galdegin dio krisiak enpleguan izan dituen ondorioei aurre egiteko. Soilik hiru hiletan 33.000 lanpostu suntsitu dira, eta 100.000 lagun daude aldi baterako enplegu erregulazio espedientepean (ERTE); arrazoi produktiboen ondoriozkoak gehitzen ari dira, eta ezinbestekoak gutxitzen. Beste enpresa askok aurreikusi du eskariak bukatu edo jaitsi egingo zaizkiela, eta ERTEak ERE bihurtzeko arriskua dago. Horregatik, premiazkoa da ahal den enplegu kopururik handiena salbatu eta lanik gabe geratzen direnak babesteko erabakiak hartzea.

 

Indargabetu egin behar dira aldi baterako kontratuak orokortu, kaleratzeak erraztu eta soldatak murrizten dituzten lege eta arauak (lan erreformak). Berehala debekatu behar zaie etekinak lortzen dituzten enpresei kaleratzeak egitea, eta euskal alderdi politikoek presioa eragin behar dute debeku hau lehenbailehen ezar dadin. Hori ez da zuzenean Eusko Jaurlaritzaren eskuduntza (haatik, Lehendakaria kezkatuta agertu da lan erreformak indargabetuko ote diren); bai ordea gure herriko langile-klasearen kotizazio eta soldatak osatzea, batik bat sarrera apalenak dituztenenak.

 

Auzi honetan ELAk proposatu du euskal funts publiko bat sortzea sektore profesional guztietarako, enpresen etekinekin finantzatua (sozietateen zergako errekargua) eta enplegua, baita aldi baterakoa ere, oso-osorik mantentzeko baldintzapean. Funts horrek 300 milioi inguru bil lezake; hots, EAEn sozietateen zerga bidez biltzen den diruaren laurdena. Neurri hau urgentea izanik, ELAk akordioa lortze aldera Eusko Jaurlaritzari bilera egiteko borondatea agertu nahi dio.

 

Bestalde, sindikatuak ohartarazi du langabeziak pobrezia egoerak ekar ditzakeela; horregatik, duela gutxi eskatu du langabeentzako prestazio bat, zeina DSBE edo BE bidez LGS adinakoa izango den.

 

Gainera, sindikatu honek uste du herri honetako eredu produktiboaren inguruko eztabaidari ekin behar zaiola, zehaztu zeintzuk diren bere ahulguneak eta sektore estrategikoak blindatzeko erronkak: zer eta nola ekoizten dugun eredu produktiboaren eraldatze sozial eta ekologikoa medio. Gai honi gure gobernuek ez diote ihes egin behar. Hartzen diren erabakiek ez dute iraunarazi behar -ez eta lehiakortasunaren ikuspuntutik ere- etorkizunik ez duen eredu bat.

 

Politika industriala eraldatzeko oinarrizko ondasunen ekoizpena berriz gurera ekarri behar da. Horrek bultzada publiko handia eskatzen du, enpresa estrategikoetan parte hartzea edo haiek nazionalizatzea barne (Eusko Jaurlaritzak 2.300 milioi euroko aurrekontua izan beharko luke honetarako, duela gutxi Alemaniako Gobernuak egin duen ahaleginaren pare jartzeko). Eraldatze ekologiko honek milaka lanpostu sortzeko potentziala du (eraikinen zaharberritzea; energia berriztagarriak; mugikortasuna aldarazi ibilgailu pribatua zigortuz eta garraio publiko, kolektibo eta garbia sustatuz; hondakinen kudeaketa, agroekologia, gertuko merkataritza…).

 

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.