2018-06-06 16:26
Osakidetzak iragarri du hiru espezialitate medikuetako EPEa eten egingo duela eurei buruzko informazio-espedientea ebatzi arte. ELAren iritziz erabakia ez da inola ere nahikoa, izan ere, Osakidetzako zuzendaritzak ondo asko baitaki beste kategoria askotan ere badaudela irregulartasun susmoak; ikerketa sakona hasi beharko litzateke eta sendagileen kategoria guztietako hautapen prozesua eten, gertatu dena argitu eta beharrezko neurriak hartu bitartean.

ELAk joan den astean galdegin zuen berehala, zorrotz eta modu indepedentean ikertu beharra zegoela Osakidetzako EPEan, zehazki espezialitate medikuetako azterketetan, gertatutakoa.

Ordutik hona ezagutu ditugun datu guztiek adierazten dute espezialitate medikuetako EPEa ez dela behar bezain gardena izan, eta prozesuotan ezinbestekoa den aukera berdintasuna ere ez dela bermatu.

Horregatik, atzo EAEko fiskaltzan salaketa bat egin genuen, non eskatzen dugun iker dezatela gertatu dena, dagozkion ardura politiko zein penalak argitze aldera.

Gaur Osakidetzak iragarri du hiru espezialitate medikuetako EPEa eten egingo duela eurei buruzko informazio-espedientea ebatzi arte.

ELAren iritziz erabakia ez da inola ere nahikoa, izan ere, Osakidetzako zuzendaritzak ondo asko baitaki beste kategoria askotan ere badaudela irregulartasun susmoak; ikerketa sakona hasi beharko litzateke eta sendagileen kategoria guztietako hautapen prozesua eten, gertatu dena argitu eta beharrezko neurriak hartu bitartean.

Halaber, salatu nahi dugu Osakidetzako zuzendaritzaren jarrera konplizea: ez dauka gertatu dena argitzeko inolako borondaterik.

Horren adierazgarri, atzo arte EPEari buruzko datu guztiak ikusgai zeuden Osakidetzaren webgunean. Haatik, orain Osakidetzak erabaki du ez direla publikoak izango eta soilik gako eta pasahitzarekin ikusi ahal izango direla. Erabili duten aitzakia, datuen babesa.

Alabaina, aurreko EPEetako datuak nahiz aldi baterako kontratuei buruzkoak webgunean oraindik ikusteko moduan daude; horregatik, badirudi datuen babesa soilik kasu honetan aplikatzen dela, eta atzotik aurrera. Orain arte EPE honetako datuak, aurreko guztietan bezala, publikoak izan dira.

Noski, emaitzak publikoak izateak egin du posible espezialitate medikuetako azterketetan gertatu dena salatzeko datuak eskuratzea, eta orain Osakidetzak hautapen prozesua opakua bihurtzen du, horrela gertakariak argitzea eragozten duelarik.

ELA irregulartasunen inguruko balizko datuak dituzten oposizioetako partaide guztien esanetara dago, bere emango die eta salaketa egiterakoan lagundu.

Berriro esan beharrean gara: Herri-administrazio baten hautapen prozesu batean gardentasuna eta aukera berdintasuna ezinbestekoak dira.

 

 

 

 

 

 

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.