2018-08-01 10:12
Irabazteko, antolakuntza behar da. Eta antolakuntza hauteskunde sindikalekin hasten da. ELAri botoa ematea gauzak aldatzeko konpromisoa hartzea da. ELA da indarrak batzeko aukera. Zurekin goaz, zuk nahi duzun tokiraino Indar betez. Buru-belarri

Irailaren 1ean hauteskunde sindikalen epealdi trinkoa hasiko da. Hamar hilabetez, 2019ko maiatzaren 31rarte, Hego Euskal Herri osoko 11.181 ordezkari berrituko dira, guztira dauden delegatuen erdia baina gehiago. Erronka handia da, zalantzarik gabe. ELA Hego Euskal Herriko sindikatu nagusia da, alde handiz, gainera; 8.445 delegatu ditu, %36,15a. (EAEn %40,80 eta Nafarroan %22,89).

ELA une gozoan heltzen da hauteskunde sindikalen epealdi trinkora. Lau urte igaro dira azken bozketa prozesu erraldoitik, eta tarte honetan genuen ordezkaritza are eta gehiago zabaltzea lortu dugu. 2014ko azken egunean baino 384 ordezkari gehiago ditugu, eta %35,08tik %36,15rako jauzia eman dugu. Argi dago langileek behin eta berriz babesten dutela ELAren eredu sindikala.

Erronka polita. Joseba Villarreal sindikalizazio arduraduna da. Itxaropentsu dago, eta ziur da langileek babestu egingo dutela ELAren eredu sindikala.

“Azken hauteskunde sindikalen epealdi-trinkoaren amaieratik gaur arte ELA izan da gehien hazi den sindikatua. Euskal Herriko lehen sindikatua gara, hori ez dago zalantzan jartzerik. Eta etorkizunean ere lehen sindikatua izaten jarraituko dugu”.

Villarrealek argi du zeintzuk diren hau guztiaren arrazoiak. “Gure leloa –Zurekin goaz, con todas nuestras fuerzas– lelo huts bat baina askoz gehiago da. Jarrera eta konpromiso bat da. Gure jendea gabe, gure delegatuak, gure afiliatuak, gure militanteak, ez gara ezer. Sindikalismo eraldatzailea norbanako askoren antolakuntza kolektibotik eraikitzen da, eta ELAk zurekin batera joateko konpromisoaren zerbitzura bere baliabide guztiak jartzen ditu: militanteak, zerbitzu juridikoak, kabinete ekonomiko eta soziala, egoitzak, greba kutxa...”

Datozen hilabeteetan hurrengo lau urteetan langileen ordezkari izango diren milaka delegatu berri aukeratu beharko dira. “Sindikatua dagoen tokietan langileek lan eta bizi baldintza hobeak dituzte. Hori frogatuta dago. Hori da gure ipar-orratza, eta etorkizunean ere norabide berean bidea egiten jarraituko dugu. Eta horretarako ELAren ordezkaritza ahalik eta handiena izatea komeni da, gure baita langileek duten bermerik onena”.

Ez da erronka makala aurretik duguna, baina Joseba Villarrealek baikortasun osoz mintzo da. “Zergatik gara lehen sindikatua eta zergatik da gure ordezkaritza gero eta handiagoa? Langile ugariren militantziagatik. Lan-zentroz lan-zentro eta sektorez sektore lan eskerga egiten duten milaka militante ditugu. Zentzu honetan, sektore ez sindikalizatu eta prekarioetan egiten dugun ahalegin berezia azpimarratu nahiko nuke. Saiakera ugari egiten ari gara orain arte sindikatua iristen ez zen tokietara iristeko eta hobeto iristeko. Egia da ez dugula lortu nahi beste lekuetan egotea, baina aurrera begirako urrats handiak eman ditugu”.

Orain bozkatzeko ordua heldu da. Milaka eta milaka dira ELAren zerrendek osatzeko izena eman duten militanteak. Hauteskunde prozesu guztietan langileen gehiengo zabalak zerrenda horien aldeko boza eman du. Emaitzek ELAren eredu sindikala berresten dute, langile jendearekiko dugun konpromisoa. Lantokien antolakuntza eta konfrontazioa ezinbestekoa izango dira prekaritatea gainditzeko, genero berdintasunaren aldeko urrats sendoak emateko eta lan sari duinak berreskuratu nahi baditugu. Eta horretarako ez dago ELA bozkatu beste aukerarik.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.