2020-05-08 09:26
Osasun-krisi larri honen hasieratik ELAren lehentasuna langileen osasuna eta segurtasuna bermatzea izan da, are gehiago, arriskua bereziki handia zen sektoreetan: osasun-arloa eta arlo sozio-sanitarioa.

Ikusi besterik ez dago arlo horietako hiru langile hil direla, COVID-19arekiko esposizioan egoteagatik, eta milaka langile gehiago birusaz kutsatu direla lanpostuan, haien osasuna eta etxekoena benetako arriskuan jarriz.

Horregatik ezin ditut ulertu Markel Olano diputatu nagusiaren eta Maite Peña Gizarte ongizateko diputatuaren adierazpenak, kudeaketa azkarra goraipatuz eta krisiari aurre egin ahal izan diotela esanez, aldez aurretik egin behar zen guztia eginda zeukatelakoan. Gipuzkoan 160 pertsona baino gehiago hil dira egoitzetan, COVID-19ak eragindako heriotz guztien %60tik gora. Orain lehen lerroan agertzen direnak ez ziren inondik inora agertu pandemiaren aldirik gogorrenean, orduan egoitzetako langileak zeuden bakar-bakarrik lehen lerroan, maskararik gabe eta kutsatzeetatik babesteko baliabiderik gabe, haiek zeuden egoiliarrak zainduz.

Dena dela, Markel Olano diputatu nagusia ez da horretara mugatu, ELA kritikatzen aritu da, lankidetzarako batere borondaterik ez dugula esanez, eta gure ekintzen atzean propagandarako eta estrategia politiko-sindikalerako interesak daudela baieztatuz.

Sindikatu honen ordezkaritza-maila %60tik gorakoa da, 130 ordezkari baino gehiago ditugu, eta 1.300 afiliatu baino gehiago sektore honetan. Krisi honetan gure helburu bakarra langileen osasuna eta segurtasuna bermatzea izan da; edo, beste modu batera esanda: lanpostuan langile bat bera ere ez hiltzea.

Azken bi hilabete hauetan sindikatu honek hurbiletik ikusi ditu langileen atsekabe, beldur eta sufrimenduak, adinekoak egunero zaintzeko lanetan. Egoitzetako langileek muturreko egoerak pairatu dituzte.

Izan ere, egoitza horietako langileen erdiei baja eman die medikuak, norbera babesteko ekipamendurik izan ez dutelako. Aitzitik, ordu erdiko bisitetan joandako foru-politikariak eta teknikariak goitik beherako babes-janzkiez ederki horniturik ikusi behar izan dituzte. Osakidetzako profesionalek, urte askotako esperientziarekin, egoitza batera errefortzu gisa joan ondoren, negar-zotinen artean kontatu digute sekula ez dutela hain esperientzia gogorra bizi izan, pertsonak inolako zainketa aringarririk gabe hiltzen zirela ikusita. Langile asko izan dira testean positibo eman dutela jakin ondoren, goiko agintariei jakinarazi eta euren txanda bukatu arte lanean jarraitzeko agindua jaso dutenak â€' lau ordu baino gehiago falta zirenean â€'.

Salaketa egitearekin batera, lankidetzarako eskaintza ere egin diogu hasiera-hasieratik Gipuzkoako Foru Aldundiari, baina ez da makurtu erantzutera. Jokabide hori ez da berria, zoritxarrez, joan den greban ere horrelakoak pairatu behar izan ditugu; baina guztiz larria eta arduragabea da, eta jakina, arbuiagarria osasun-krisi larriko testuinguru honetan.

Muturreko egoera horretan, ELAk langileen osasunerako, bizitzarako eta osotasun fisikorako oinarrizko eskubideak babesteko demandak aurkeztu ditu korporazio multinazionalen aurrean, ordezkarien aurkako errepresalia larriak hartzeko arriskua badago ere. Oso urrutira joan gabe, aurreko lan-gatazkan demandaturiko korporazioetako batek langileak kaleratu zituen greba-eskubidea baliatzeagatik.

Demanda horiek EAEko hiru herrialdeetan aurkeztu dira, ez soilik Gipuzkoan. Hamar demanda horietako zortzitan, hain zuzen, autoak aldekoak izan dira, eta epaileek eskatu diete enpresei langileen osasuna eta segurtasuna bermatzeko beharrezko neurriak berehala har ditzatela. Ebazpen horien aurrean enpresek, foru aldundiak kasu, benetako pausoak eman dituzte egoitzetako egoera hobetzeko. Emaitzak ikusita, gure jokabidea errepikatuko dugu; izan ere, haiek mugitzen dira soil-soilik negozio-marjina edo demanda horien balizko ondorio pertsonalak arriskuan ikusten dituztenean. Eta gure jendeak ere norabide horretara bultzatu behar du, balizko errepresalien beldurrez egon arren. Edonola ere, haiek erabat harro sentitzen dira, eta kontzientzia lasai daukate, lankideen bizitza salbatzeko ahaleginetan beren esku zegoen guztia egin dutelako.

Krisia sakon honek agerian utzi du hamarkadetan gure erakundeek sustatu duten egoitza-ereduaren ahulezia. Mozkinak irabaztea lehentasun ez duen eredu bat behar dugu; oraingoa askotan inbertsio-funts handien eskuetan dago, eta horien akzioak igo edo jaisten dira egoiliarrei jateko zer ematen zaien arabera, eta garbitzeko edo haiekin hitz egiteko erabiltzen diren minutuen arabera. Gure adinekoen zaintza lehenetsi behar da, bitarteko gehiago jarriz, arreta hobea emanez eta sektorea berehala publiko bihurtuz. Sektoreko langileen subrogazioa eta finkotasuna bermatu behar da, berriki izan duten erronkaren mailan erantzuten jakin dutelako, eta datozen asteetan ere aurre egiten jarraitu beharko dutelako.

 

 

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.