2020-02-17 16:24
Ingurumen Sailak bertako biztanleentzak emandako gomendioak kontuan hartuz, luiziaren inguruko lantoki eta enpresetan neurriak hartzea exijitzen du ELAk. Joan den ostiralaz geroztik, Ermua, Eibar, Zaldibar, Mallabia eta Elgetako dioxina eta furanoak sortutako kutsadura maila handia dela eta, Ingurumen Sailak etxebizitzen aireztapena eta kirola egitea sahiesteko aholkua ematen ari da.

Desagertutakoen bilaketa eta suteen itzaltze lanetan ari diren pertsonek arnaserako babes-neurri espezifikoak erabili behar dituzte. Hala eta guztiz, erakunde publikoek ez dute luiziaren inguruan lanean ari direnak babesteko inongo araurik ezarri. Onartezina da.

Horregatik, ELAk inguruko enpresa guztiei eskatzen die lan jarduera bakoitzari dagokion arriskua berehala neurtu eta egoera bakoitzari dagozkion presazko babes neurriak har ditzala, bereziki haurdun dauden emakume eta arnas-aparatuko gaixotasunak dituztenentzat.

Honekin batera, ELAk inplikatutako erakunde publikoei luizi egunetik gaur arte atzemandako amianto eta gainontzeko kontaminanteen balioak publiko egin ditzala exijitzen die, ezbeharraren inguruko gainontzeko informazioaz gainera, zabortegian eta inguruan lanean diharduten pertsonen segurtasuna bermatzeko beharrezkoak diren neurri guztiak hartzeko eskatzen dielarik.

Azkenik, Zalbidarko luiziaren ondoren ere langileon osasunaren babesak lehentasunik ez duela salatu nahi du ELAk. Autopistaren ireki zenean ez zen hala izan, amiantoa zegoela jakin arren, eta gaur egun horrela izaten jarraitzen du.

 

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.