2018-08-30 11:36
2015tik geroztik, Metaleko negoziazioetan, ELAk hornitzaile guztientzat derrigorrezko subrogazioa eta dagozkien hitzarmenak aplikatzea aldarrikatu du

ELAk Volkswagen Navarrak, UGTk eta CCOOk adostutako EEE konponbide gisa saldu nahi izan dutela salatu du, multinazionalaren lantegiko 4.600 lagunek soldataren %100a kobratuko dutelako, baina horrek iruzur ekonomiko izugarria ezkutatzen du: Volkswagenen etekinei eusteko (55,9 milio euro 2017an) diru publikoa erabiliko da, eta Landabengo hornitzaileetan lanean dauden 12.000 lagunen egoera prekarioa betikotzen da.

Zentzu honetan, EEEren akordioa iruzur hutsa da, VW Navarraren (eta automozio-sektore osoaren) ekoizpen-sistemaren B aurpegia ezkutatzen duelako. Sistema hori enpresa hornitzaileen sare batean oinarritzen da, eta hauek multinazionalarekiko kontratak enkanteen bidez lortzen dituzte. Horrek lan baldintzen etengabeko murrizketa dakar, ezinbestean, eta gero eta gehiago zabaltzen den prekarizazioak ahalbidetzen dio VW Navarrari euren etekinen handitzea.

Gauzak horrela, 2015tik geroztik, ELAk hornitzaile guztientzat derrigorrezko subrogazioa eta dagozkion hitzarmenak aplikatzea aldarrikatu egin du -Metaleko hitzarmenean, zein VW-eko enpresa batzordean-, beti ere enpresa nagusiarekiko berdintasunerako bidean. Prekarizaziorantz doan bilakaera eteteko gutxieneko neurriak dira: dagoeneko adibide batzuk daude, Logiters eta Seséren arteko azpikontratazioaren prozesua, non ELAk langile guztien subrogazioa lortu zuen (lan baldintzak mantenduz).

Nafarroa, 2018ko abuztuaren 30a.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.