2019-03-13 12:49
Nazio Batzordearen proposamenaren buruan Mitxel Lakuntza doa, eta zuzendaritza berriko 736 ordezkariek bozkatuko dute; bestalde, Maialen Aranburu Gizarte Ekintzan sartuko da. Konresuaren aurkezpenean, Muñozek etorkizuna baieztatuta dagoela azpimarratu du; izan ere, azken urteotan sindikatura gazteak eta emakumeak etengabe hurbildu dira, Urte hauetan zehar ELAk aurpegia eman duela defendatzen dituen horien eskubideengatik. "Gure asmoa ez da mundu osoaren gustukoa izatea, langile-sindikatu batentzat ezinezkoa delako hori. Botere politiko eta ekonomikoei aurka egin diegu" adierazi du.

ELAk ohiz kanpoko kongresu bat egingo du Donostiako Kursaalen apirilaren 5ean, Adolfo "Txiki" Muñozen erreleboa egiteko, Idazkaritza Nagusian. Sindikatuaren estatutuetan adin-muga bat dago kargu horretarako, eta muga hori aurten beteko da. Hori horrela, Nazio Batzordeak (non Batzorde Eragilea eta eskualde zein federazioetako arduradunak biltzen diren) Mitxel Lakuntza proposatu du idazkari nagusi izateko hautagai. Batzorde Eragileko beste hamaika kideek osatzen dute hautagai-zerrenda. Txiki Muñozek Batzorde Eragilean duen kargua utziko duenez (eta 12 kide osatzen dela kontuan hartuta), Nazio Batzordeak Maialen Aranburu proposatu du organo horretan sartzeko.

Beraz, apirilaren 5ean Batzorde Eragilerako zerrenda osoa bozkatuko da: Mitxel Lakuntza idazkari nagusi, Amaia Muñoa idazkariorde nagusi, Amaia Aierbe, Xabi Anza, Maialen Aranburu, Ivan Gimenez, Laura Gonzalez de Txabarri, Pello Igeregi, Mikel Noval, Leire Txakartegi, Eustakio Uranga eta Joseba Villarreal. Kongresua Donostian, Kursaalen, egingo da, 09:45etatik 14:00ak arte; eta 736 ordezkarik hartuko dute parte, sindikatu honetako hiru federazioen (Industria eta Eraikuntza, Zerbitzuak eta Gizalan) eta hamabi lurralde-egituren ordezkaritzan. ‘Indar Betean’ izango da gure goiburua, azken kongresuan (Bilbao, 2017) izan genuenaren jarraipen moduan ('Indarberritzen').

Zuzendaritzan egin beharreko ordezpenez gain, ELAk hiru ebazpen aurkeztuko ditu onesteko:

- ELAk eraldaketa sozial, ekologiko, feminista eta demokratikoarekin duen konpromisoa berretsiko du. Euskal Herria ez da uharte bat Europan, non eskuin-muturra goraka doan; eta horregatik aliantza sindikal eta sozialak finkatu behar dira, botere-gunetik aparteko esparru autonomo eta independentea eraikitzeko, eta analisi, proposamen eta ekintzarako ahalmena izateko.

- Prekarietatea langileak zapaltzeko tresna bat da. Bizimodua ateratzen ozta-ozta uzten duten lan-baldintzak ezartzen dira, soldatapekoak erabat menpean izateko. Horren aurrean ELA prekarietate-guneen bila ibiliko da (sektore feminizatuetan sarriagotan agertzen dela kontuan hartuz), eta haietan antolamendu bidez gatazka sustatuko da.

- Autogobernuaren aurkako erasoa hemen eta Katalunian. Horrek premiatzen gaitu aldarrikapen subiranista zabaltzera, gehiengo prekarizatu eta pobretuen asmoak eta interesak barne hartuz. Alde horretatik ELAk hitzematen du eragile aktiboa izango dela, aurrerantzean ere, Euskal Herriaren askapen nazional eta sozialean; eta, gure militanteekin bat eginez, aurre egingo diegula estatu espainol eta frantsesari.

 

 

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.